argia.eus
INPRIMATU
Zabalgarbik zaborren errausketagatik 24 milioiko diru-laguntza jaso du, nahiz eta gas naturala erre argindarra lortzeko
  • EH BILDU legebiltzarkide taldeak eskatuta, otsailaren 13an Gorka Buenok Ekologistak Martxan Zero Zabor Bizkaian plataformaren izenean agerraldia egin du Gasteizko Parlamentuko  Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean, Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiaren arazo eta alderdi ezkutuak mahai gainean jarriz.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko otsailaren 15
EAE, Bizkaia eta Bilboko agintari nagusiak erraustegiaren arduradunekin 2015ean Zabalgarbiren 10. urteurrenean ospatzen. (Argazkia: Zabalgarbi)

EHUn irakaslea den Gorka Buenok oso informazio garrantzitsuak eskaini dizkie legebiltzarkideei. Konparezentziaren berri Ekologistan Martxanek eman du bere webean. Sarean osorik irakur daitezke Buenoren hitzaldiaren gidoia eta mamia irudiztatzen duen PPT aurkezpena.

Zabalgarbik azken urteotan 24 milioi eurotaraino jaso ditu ustezko energia berdez argindarra sortzeko diru-laguntzetan. Zaborrak erretzea energia berriztagarritzat hartu ezin dela argudiatzeaz gain, Buenok erakutsi zuen nola Zabalgarbik sortutako argindarraren jatorria %70an hondakinen kiskaltzean ez baina horri laguntzeko erretzen duen gas naturala erretzean dagoela. Horren frogarik nabarmenena 2006. urtean ikusi zen. 2005eko azaroan labearen turbinak matxura larri bat jasan eta ezin izan zuten berria abiarazi 2007ko maiatza arte. 17 hilabete haietan  Zabalgarbik 300.000 tona zabor erre zituen batere argindarrik sortu barik, eta, aldiz, diru-laguntzak kobratzeko gas naturala soilik errez 43 MW sortu zituen. Egoera horretan, Jaurlaritzak baimendu zion 2006an zaborrik batere balorizatu gabe 6 milioi euro kobratzea. Orain ere, egoera normalean, Zabalgarbiren errentagarritasunak jarraitzen du diru-laguntza publikoetan oinarritzen: 2017an 24 milioi euro kobratu zituen, aurretik urtez urte hobariok handitu dizkietelarik.

Gorka Bueno (eskuinetik bigarrena) Eusko Legebiltzarreko agerraldian otsailaren 13an. (Argazkia: Eusko Legebiltzarra)

Buenok nabarmendutako beste oker handi bat errauste plantaren kutsaduraren kontrolean dago. Zabalgarbik ez du egiten atmosferara eginiko dioxina eta furano isurketen gaineko kontrol jarraiturik. Zabalgarbiko arduradunek [eta Osakidetzako arduradunek ere bai, Erredakzioaren Oharra] behin eta berriro esan dute erraustegiek dioxina isurien kontrol eten gabe eta une orokoa egiten dutela. Esaterako, Deia egunkariari Mikel Huizi Zabalgarbiko zuzendariak esandakoa Zabalgarbik bere orri instituzionalean erakusten du: "Oraintxe bertan detektatuko balitz tximiniak dioxina gehiegi botatzen duela, Gasteizek [Jaurlaritzak] botoia sakatu eta planta geldituko luke".

Baina hori gezurra da, esan zuen Gorka Buenok: "Zabalgarbin urtean dioxina eta furanoak kontrolatzeko lau lagin hartzen dira, bakoitza 6 ordukoa, eta emaitzak hilabete beranduago jasotzen dituzte. Hala ere, balegoke gauzak bestela egitea. Badira aldi oroko lagin bidezko teknikak, benetako isuriak beranduago bada ere ezagutzeko balio dutenak. Baina horrelakorik ez da aurreikusi ez Zabalgarbin eta ezta Zubietan ere".

Bilboko errauste plantaz askoz informazio gehiago eskaini zien parlamentariei Gorka Bueno irakasleak. Hondakinak erreta lagatzen dituen eskoria mendiez, esaterako: urtean 220.000 hondakin kiskaltzeak 44.000 tona eskoria eta 7.000 tona errauts oso toxiko uzten ditu. Beste informazio bat, Donostian laster Change the Change biltzarrak jorratuko duen klimaren aldaketari dagokiona: Zabalgarbik urtean 274.000 tona CO2 igortzen ditu airera, Euskal Herrian klimaren gaiztotzearen arduradun nagusiena da. Erraustegiak Bilbo inguruetako airean, lurzoruan eta landaredian zabaltzen duen kutsaduraz ere aritu zen, horien kontrolik ezaz bezala.

Bukatzeko, Ekologistak Martxan eta Zero Zero Zabor Bizkaianen izenean, Bizkaiko hondakinen kudeaketa guztiaren auditoria oso bat eskatu zuen, tartean goian aipatutako arazo larriak argituko dituena.