argia.eus
INPRIMATU
Zabalgarbi, karbono dioxido gehien isurtzen duten enpresen artean
  • Bizkaiko errauskailuak 2014an bosgarren postuan amaitu zuen Euskal Herriko enpresa isurtzaileenen artean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko urriaren 07a
Errauskailuaren isurien benetazko datuak askoz larriagoak direla dio Ekologistak Martxan taldeak (arg.: Zorrotza.info)

Petronor findegia, Bahia de Bizkaia ziklo konbinatuko zentrala, Galindoko araztegia eta Donostiako Añorga auzoko Rezola zementu fabrikaren ostean, Zabalgarbi da Euskal Herrian berotegi-efektuko gas gehien isurtzen duen instalazioa.

Zabalgarbiren urteroko ingurumen txostenari eta Estatuko isurien erregistroko datu ofizialei erreparatu die Ekologistak Martxan taldeak ondorio hori ateratzeko. Bizkaitar gehienen hondakinak erreaz 235.000 tona CO2 isuri zituen 2014an Zabalgarbik gure atmosferara.

Datu errealak, area larriagoak

Talde ekologistak nabarmendu duenez, kontabilitate ofiziala ez dator bat euren esanetan egiazkoak diren datuekin. Zenbaketa egiteko hondakinen zati biogenikoa –landare eta egurretatik eratorria– kendu zaio, berotegi-efektuko gasik ez omen duela isurtzen esanez.

Hala, Zabalgarbiren 2014ko benetako CO2 isuriak 375.011 tona lirateke eta horri gehitu behar zaizkio errauskailua martxan izateko ziklo konbinatuko gas naturala erretzen isuritako 157.340 tona.

Datu horiek kontuan edukita, Zabalgarbi Euskal Herriko hirugarren azpiegitura isurtzaileena litzateke.

Errausketa vs isuriak gutxitzea

Zabalgarbiko errauskailuak hondakinak errez sortutako errauts, eskoria eta beste substantzia toxikoez gain, planetaren berotzean eta klima aldaketan ere badu erantzukizunik beraz. Hala, hainbat erakundek errausketaren eta klima aldaketaren inguruan hartutako jarrerak kontraesanean leudeke.

Aldaketa klimatikoa eta itsasertzari buruz Ficoban egindako “Uhinak” kongresuan Eusko Jaurlaritzak azaldu du bideragarria dela karbono dioxido isuriak %40 jaistea. Jaurlaritzak Klimaren Munduko Goi Bileran parte hartuko du Parisen eta Ekologistak Martxan taldeak eskatu dio "egoerak exijitzen dituen premiekin eta erronkekin kontsekuente izateko".

Bestetik, kongresu berean, Zubietan errauskailua jarri nahi duen Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari Jose Ignacio Asensiok esan du “estrategia adostu bat” behar dela aldaketa klimatikoari egokitzeko. Asensiok Gipuzkoa "ereduzko lurralde" izatea nahi luke klima aldaketaren ondorioak arintzeko planetan.