argia.eus
INPRIMATU
Zabaleta eta Ugarte preso ohiei egindako harrerak ikertzeko agindu du Espainiako Gobernuak
  • 29 urte eman ditu preso Jose Jabier Zabaleta Elosegik, 22 Xabier Ugarte Billarrek. Harrera jendetsuak egin dizkiete Hernanin eta Oñatin. Espainiako Gobernuak terrorismo goratu den ikertzeko eskatu dio Espainiako Fiskaltzari.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 29a
Xabier Ugarte Billar preso ohia senide eta lagunekin, Topaseko espetxetik irten berritan. Argazkia: @EtxeratElkartea.

Asteburuan bi euskal preso politiko irten dira Espainiako Estatuko espetxeetatik. Jose Jabier Zabaleta Elosegi larunbatean atera zen Zueratik (Zaragoza), 29 urteren ostean. Arratsaldean herritar ugarik egin zion harrera Hernanin. Igandean Xabier Ugarte Billar presoa izan zen 22 urteko espetxealdia atzean utzi zuena. Topasetik (Salamanca) irten zen goizean, eta arratsaldean ehunka herritarrek agurtu zuten jaioterrian, Oñatin.

Harrabots politikoa eta judizializazioa

Larunbatean Zabaletari eginiko harrera gogor salatu zuten hainbat alderdik, elkartek eta komunikabidek. Besteak beste, EAEko PPko idazkari nagusi Amaya Fernandezek, Ciudadanosen buru Albert Riverak, edo Covite biktimen elkarteko Consuelo Ordoñezek. Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) jakinarazi zuen Zabaletaren harrera salatu duela Espainiako Auzitegi Nazionalean, "terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea" egotzita.

Igandean, Ugarteri egindako harrera jendetsuaren ostean, Espainiako Gobernuak hartu du iniziatiba. EAEn duen ordezkaritzaren bitartez Espainiako Fiskaltzari eskatu dio Oñatin eta Hernanin egindako harrerak ikertu ditzala. "Onartezinak dira omenaldiak, iraingarriak terrorismoaren biktimentzat eta gizartearentzat", adierazi du PSOEren jarduneko gobernuak. Haren esanetan presoei egiten zaizkien harrerak ezin dira “omenaldi” bihurtu, "presoari aitortza egiten zaiolako eta haren krimenak legitimatu egiten direlako".