Colonnaren abokatuek zigorra eteteko egindako eskariari baiezkoa eman dio Frantziako Justizia ministerioak. Horretarako "osasun arrazoiak" argudiatu ditu. Egunotan Korsikan istilu larriak eragin ditu espetxean larri zauritutako presoaren aferak eta korsikar abertzaleen eskaerak hauspotu ditu.
Martxoaren 2tik Marseillako ospitalean larri dago Yvan Colonna, Arlesko espetxean jasandako jipoi baten ondorioz. Hala, bere abokatuek "osasun arrazoiak" argudiatuta kondena etetea eskatu dute eta Frantziako Gobernuak onartu egin du eskari hori.
Azken egunotan Korsikan protesta jendetsuak eta istilu gogorrak izaten ari dira, Cortin, Bastian edo hiriburuan bertan, Ajacciun. Presoari egindako erasoak sorturiko haserreak irla hartako mugimendu abertzalearen eskariak berpiztu ditu, eta horren ondorioz, besteak beste "autonomia" estatusa ematea aztertzen ari da Emmanuel Macronen gobernua.