Asanblea Nazionaleko Legeen Batzordeak aho batez onartu du ikerketa batzordearen sorrera azaroaren 23 honetan. Gehienik sei hilabetez iraunen du prozedurak.
Martxoaren 21ean zendu zen Yvan Colonna korsikar independentista, 61 urterekin, martxoaren 2an beste preso baten partetik pairatu zafraldiaren ondorioz. Hilketa hori ikertzeko batzordea sortzearen alde agertu da Frantziako Legebiltzarra azaroaren 23 honetan. Aho batez onartu du Asanblea Nazionaleko Legeen Batzordeak Jean-Félix Acquaviva eta Paul Andre Colombani korsikar diputatuek uztailean egindako eskaera.
Gehienez sei hilabetez iraunen du ikerketak, eta gertakizunaren oinarrian dauden "itzal guneei" begira jarriko dira, nagusiki Colonnaren hiltzaile Franck Elong Aberen kartzela baldintzetan zentratuz.
Korsikako Asanbleak aho batez babesturiko eskaera izan da, eta askotariko korsikarren multzo zabalak ere bat egiten du ikerketa bideratzearekin. "Justizia eta egia" galdatzeaz gain, korsikar diputatuek ezinbestekotzat daukate Frantziaren eta Korsikaren arteko "berradiskidetzea" lortzeko bidean. "Demokrazia ariketa garrantzitsutzat" jo du ikerketa ariketa Acquaviva diputatuak.
Martxoaren 2an pairatu zituen Colonnak zortzi minutu luzez beste preso baten ukaldi bortitzak eta urkatze saiakerak, presondegiko zaindariak berantean –berandu– konturatu ziren arte. Gertakizunak haserrea azaleratu zuen irlan, lehen lerroan jarriz autodeterminazioarik ez duen Korsikaren auzi politikoa.
Nahiz eta gaia ez den gehiago aktualitatearen lehen lerroan, giroak bero segitzen du Korsikan. Adibidez, leherketak izan dira azken egun horietan bi bigarren etxebizitzen kontra. YC pintaketak eginak izan dira ekintzen gunean, hots, Yvan Colonna-ren lehen hizkiak. Hori horrela, agiri bidez zabaldu du bere irakurketa Yvan Colonna zenaren alargunak: "Jarraitzaile nazionalistei argi utzi nahi diet Yvanen memoria 'laudatzeko' bideraturiko manifestazio eta ekimenak ez direla nire eta gure umearen onespenarekin antolatuak; azkenean, intentzio txarrez dabiltzan 'pseudo' antolatzaileen estakuruak dira, ospe politikoa edo sosa lortzeko dabiltzala". Hainbat komunikabideri bidali die irakurketa.