argia.eus
INPRIMATU
Korsikan bero iragartzen dira egunak, Colonna preso politikoaren heriotza ezagutu berritan
  • Koman hilzorian egon da hiru astez, Arlesko presondegian preso yihadista batek jipoitu egin zutenetik. Martxoaren 21 gauean hil da, familiak jakinarazi duenez. Azken asteetan uhartean izan diren istiluak ikusita, aurreikus daiteke mobilizazio gogorrak antolatuko dituztela datozen egunetarako.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 22a
Azken asteetan Colonnaren aldeko mobilizazio ugari egin dituzte Korsikan.

Korsikar independentisten azken hamarkadetako borrokaren sinboloa izan da Yvan Colonna preso politikoa. 1998an Ajaccion Claude Erignac prefet frantsesa hil izana egotzita biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten 2007an.

Urteak ziren korsikarrek presoak uhartera hurbiltzeko eskatzen zutela, Frantziako Estatuak entzungor egiten zien bitartean.

Martxoaren 2 goizean preso yihadista batek Arlesko espetxeko patioan emandako jipoiaren ondorioz oso larri geratu zen Colonna. Bere abokatuak zabaldu du heriotzaren berri sare sozialetan:

"Haien heriotza al da egiazki zuen helburua?"

Colonnak bera errugabea esan izan du beti, eta Korsikako alderdi abertzaleen gehiengoaren babesa eduki du. Parisko krimen auzitegiak, ordea, frogatutzat eman zuen auzia. Azken urteetan bere familiarengana gerturatzeko hainbat eskaera egin dituzte, baina Frantziako estatuko kartzeletan mantendu dute.

Colonnak jasandako jipoia eta Frantziako estatuan preso dauzkaten beste bi preso politiko korsikarren egoera dela-eta honakoa idatzi zuen Sulidarità elkarteak sare sozialetan martxo hasieran: “Justizia frantsesari egiten diogun galdera bakarra honakoa da: haien heriotza al da egiazki zuen helburua?”.

Iragan astean Frantziako Gobernuak erabaki zuen Colonnaren zigorra etetea, "osasun arrazoiak" argudiatuta. Izan ere, presoaren egoera larriak Korsikan istilu larriak eragin zituen eta korsikar abertzaleen eskaerak hauspotu.