argia.eus
INPRIMATU
Yoyes-en egunerokoetan oinarritutako Lur Olaizolaren film berria, Parisko Cinéma du réel jaialdian
  • Lur Olaizola zuzendari donostiarraren azken filmak Cinéma du réel jaialdiko lehiaketan parte hartuko du. Parisen egoitza duen festibalak martxoaren 11tik 20ra bitartean egingo du aurtengo edizioa.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko otsailaren 22a
Lur Olaizolaren 'Hirugarren koadernoa' filmeko une bat.

Olaizolak Hirugarren koadernoa filma eramango du Parisera. Zinema dokumentalean espezializatutako Cinéma du réel jaialdiaren 44. edizioan ikusi ahal izango den 21 minutuko lan horretan, aktore bat (Ana Torrent) eta zuzendari bat (Olaizola bera) ikusiko ditugu, gidoi zinematografiko bat entseatzen.

Gidoi horrek Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en egunerokoaren zatiak biltzen ditu, 1980tik 1985era bitartean Mexikon idatziak, ETA utzi ondoren. 1986an ETAk Yoyes hil ostean argitaratu ziren eguneroko horietan oinarrituta, beste emakume batzuen aipamenak eta erreferentziak agertzen joango dira: Ulrike Meinhof, Simone de Beauvoir, Rocío Díazescobar, Alexandra Kollontai, Tina Modotti...

Begirada partikular bat

2019an Xulia-rekin debuta egin ondoren, Zerua blu laburrarekin (2020) Bilboko Zinebi jaialdian saritu zuten Olaizola. Eta Parisen estreinatuko den Hirugarren koadernoa lanaren osagaiak ikusita, zinegilearen obra zeharkatzen duten zenbait elementu amankomun antzeman daitezke.

Adibidez, memoria pertsonalei ematen dien garrantzia eta, horren eskutik, haren lanetan agertzen den itzuleraren ideia; edo emakumeen oroitzapenak lehen planora ekartzea –Xulia-k, heroinaren menpe bizi izandako emakume bat zuen protagonista; Zerua blu-k berriz, Ipar Euskal Herritik AEBetara emigratu zuen emakume bat–.

Dokumentalaren eta fikzioaren arteko eremuan esploratzen duen zuzendari honek esperientzia zabala dauka zinema munduan: 2015etik Tabakalerako ikus-entzunezkoen alorra koordinatzen du, Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea da, baita Iruñeko Punto de Vista jaialdiko hautaketa-batzordeko kidea ere.