Bartzelonako FAT Konferentzia Teknologikoan algoritmoen zuzentasun, ardura gardentasun adituak batu dira. Bertan aurkeztutako ikerketa baten arabera, YouTubek erabiltzaileak eskuin-muturreko edukietara bideratzen dituela ondorioztatzeko “ebidentzia argiak” daude.
Plataforma digitaleko ia 350 kanaletik 340.000 bideo eta hauetako iruzkinak, 72 milioitik gora, aztertu dituzte Lausana (Suitza), Harvard (AEB) eta Minas Gerais (Brasil) unibertsitateetako adituek. Hiru komunitatetan banatutako edukia izan da aztertu dutena: Intellectual Dark, "politikoki zuzenak ez diren" gaiak lantzen dituztenak, baina eskuineko ideiak onartu gabe; alt-lite eskuineko ideologia berriak dituztenak; eta alt- right eskuin-muturrekoak.
Ikerketa egin ostean, ondorioztatu dute lehenengo bi taldeetako erabiltzaileen %26a eskuin muturreko taldeko erabiltzaile bilakatu dela, YouTubeko gomendioek horrela bultzatuta. Eskuinerako bira honek 2016tik gorakada izan du, Donald Trump, AEBtako presidente izendatu zuten urteko testuinguru politikoak lagunduta.
YouTubek, bere aldetik, ez ditu emaitzak onartu, esanez ikerketak ez dituela kontuan hartu plataformak algoritmoan egindako aldaketak gorroto-diskurtsoei eta desinformazioari dagokionez.