argia.eus
INPRIMATU
Youtube eskuin muturraren ideologia zabaltzen ari da
  • AEBetako kontserbadoreek, Youtube erabiltzen dute mezu arrazista eta antifeministak helarazteko.

2018ko irailaren 21
Mezu arrazista eta antifeministak zabaltzen ari da plataforma.

Rebecca Lewis ikerlariak egindako ikerketa baten ondorioek erakusten dutenez, eskuin muturrarentzat plataforma eraginkorra da Youtube. Guztira, 81 kanal aztertu ditu eta mezu arrazistek eta antifeministek presentzia handia dutela baieztatu du.

“Youtuber horiek biktimatzat dute beraien burua eta sarritan zentsuratuak izan direla diote, baina ez da egia”, dio Lewisek. Espainiako Youtubek Público egunkariari  azaldu dionez, “iritzi askatasuna sustatzen dugu. Beraz,  ideologia guztiak onartzen ditugu, gorrotozko mezurik egon ezean”. Aitzitik, ikerlariak salatu du aztertu dituen 81 kanaletan gorrotozko mezuen presentzia nabarmena dela.

Hemezortzi eta hogeita lau urte bitarteko estatubatuar herritarren %94 bideoen jarraitzaileak dira, hori dela eta, Youtube plataforma bikaina bilakatu da ideologia zabaltzeko orduan.

Lewisek gaineratu du, mezuak zabaltzeaz gain dirua irabazten dutela, Super Chat bidez, “Super Chatak erosten dituzte jarraitzaileek, beraien mezuak nabarmentzeko”. Dioenez, diruaren zati bat Youtube plataformarentzat ere izaten da, “horregatik interesatzen zaio Youtuberi eskuin muturraren mezuak ez zentsuratzea”.