Oraindik Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak UPNko lehendakaritza ere utziko duela zabaldu du gaur Diario de Navarrak.
Erabakia ez da ofiziala oraindik, baina Cordovillako egunkariak gaurko azalean iragartzen du eta horrek nahiko ofizialtasun ematen dio jada. UPNk bihar egingo du ohiko batzarra Iruñean eta bertan iragarriko omen du alderdiaren gidaritza utziko duela.
Yolanda Barcina Nafarroako Unibertsitate Publikora itzuliko da, 1991n hara heldu eta 25 urte geroago. Goitik ekin zion bere karrera politikoari, 1996an Nafarroako Gobernuko Ingurumen Saila eskuratuz, oraindik UPNko afiliatua izan gabe –2000. urtean afiliatuko zen–. 1999an Iruñeko Udaleko alkatetza eskuratu zuen eta 2011n Nafarroako Gobernuko lehendakaritza.
Aitzindaria izan da, Nafarroako Gobernura, Iruñeko alkatetzara eta Nafarroako Lehendakaritzara iritsi den lehen emakumea izan baita.
Porrot egin du UPN gidatzen
UPNko lehendakaritza 2013ko martxoan eskuratu zuen, Alberto Catalanekin izandako lehia ozta-ozta irabazi ondoren –76 botoren aldea–. 2014ko abuztuan iragarri zuen UPNko zerrendaburu izango zela Nafarroako Legebiltzarreko hauteskundeetara, baina bi hilabete ondoren uko egin zion zerrendaburu izateari.
UPNk argi zuen berarekin ez zuela berriz Gobernua eskuratuko eta Barcinak amore eman behar izan zien barne presioei. Ez hori bakarrik, berak Nafarroako Legebiltzarrerako zerrendetan joan nahi izan zuen, baina Javier Esparza zerrendaburu berriak publikoki adierazi zuen Barcina zerrendetan joanez gero bera ez zela joango zerrendaburu. Eta Barcina zerrendetatik kanpo geratu zen.
“Alderdiaren gidaritzan jarraituko dut”, iragarri zuen, baina hori ere ez. Hauteskundeak irabazi baina Nafarroako instituzio ia guztiak galdu ondoren, UPNk bere egoerari buruzko hausnarketa sakona egin beharko du kongresuan. Oraindik finkatu gabe dago baina berandu baino lehen egingo dute.
Luzaroan handira jokatu ondoren, Barcina andereari alor ugaritik aitortu izan zaio borroka eta gidaritzarako kemena. Ate handitik sartu zen politikara eta ate txikitik utziko du alderdiko kargu nagusia. Boterearen bueltan ibiltzeko gai dela argi erakutsi du, baina hau galdu ondoren indarge eta inork ezertarako nahi ez duela gera da, ezta bere alderdiak ere.