argia.eus
INPRIMATU
Barcinak azalpenak emango ditu Parlamentuan ikerketa batzordearen ondorioez
  • Nafarroako Gobernuko presidentea Goicoechea auziko ikerketa batzordea ondorioez ariko da Legebiltzarrean. Batzordeak dimititzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu zion.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 18a
Yolanda Barcinak azalpenak emango ditu Parlamentuan (argazkia: Javier Bergasa).

Astelehenean Parlamentuko bozeramaileen batzarrean erabaki zen Barcinaren agerraldia, Bilduk egindako proposamenaren ostean. Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaileak gobernuaren arduragabekeria azpimarratu du: “Badirudi Nafarroako Gobernuak begiak estali nahi dituela, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatuz”.

Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak presidentea ganberan “kasuari buruzko azalpen guztiak emateko prest” agertuko dela adierazi du. Gobernatzen jarraitu behar dutela eta Parlamentuak herritarren "kezka nagusiez" arduratu behar dituela azpimarratu du.

PSN-n ez dute “ezer” espero Barcinaren agerralditik. “Betiko gauza bera” entzungo dutela adierazi du Juan Jose Lizarbe bozeramaileak, presidenteak argi utzi duelako ez duela ezer egingo, sozialisten esanetan.

PSN, Bildu, Aralar, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Baik ikerketa batzordearen ondorioak onartu zituzten joan den ostegunean, UPN eta PPNren aurkako bozekin. Yolanda Barcinaren dimisioa eta hauteskundeen aurreratzea eskatu zuten.