argia.eus
INPRIMATU
Yokohamatik Segurako udal artxibora, ikertzera
  • 1766an gariaren prezio igoerak eragindako matxinada ikertzen ari da Hide (Yokohama, 1994), doktore tesirako. Segurako Udal artxibora jo du lanaren inguruko dokumentazioa bilatzeko.

Goierriko Hitza @goierriHitza Laida Goiburu 2022ko otsailaren 18a
Argazkia: Laida Goiburu (Goierriko Hitza)

Segurako udal artxiboa altxor bat da. Joseba Alonso eta Rafa Berasategi asteartero elkartzen dira udal artxiboko dokumentuak digitalizatu eta ezkutatzen dituen kontakizunak irakurri eta gordetzeko. Aste honetan Lekeition bizi den Hide (Yokohama, 1994) japoniar eta euskalduna ere izan da bertan, Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko kanpusean egiten ari den doktorego tesirako dokumentuak jasotzen.

XVIII. mende amaierako gertakari bat ikertzen ari da Hide; 1766ko Espainian jazotako gariaren prezioaren gorakadarengatik gertatutako matxinadak, alegia. Keio Unibertsitatean historia ikasi zuen, Tokion, eta Espainiako familia eta lan historia gaian espezializatu zen masterrean. Zehazki, Seguran, Gipuzkoako matxinadako protagonisten analisi sozio- ekonomikoa izango du aztergai. «Garai hartako matxinada katean gertatu zen. Azkoitiatik hasi eta Azpeitia, Asteasu, Zizurkil, Albistur…», azaldu du.

Prozesu judizialei buruzko dokumentuak aztertu eta herritarrekin hitz egiten du Hidek garai hartan gertatutakoari forma emateko eta tesian txertatzeko. «Dokumenturik ez baduzu ezin duzu irudikatu gertatzen zena, baina horregatik dokumentuez gain ere garrantzitsua da jendearekin egotea, paseo bat ematea, historialariak ezagutzea eta galderak mahaigaineratzea…hori da nire ikertzeko metodoa».

Aranzadiren laguntza

Mintegi eta kongresu batzuetan aurkeztu du orain arte ikertutakoa, eta Eusko Ikaskuntzaren Vasconia aldizkarian ere hartu du parte. Martxoan, Santiago de Compostelara (Galizia) joango da. Seguran, Rafa Berasategi Erraztiolatza Museoko arduradunak, Diego Tocino Segurako udal artxiboko arduradunak eta Javi Castro eta Joseba Alonso Aranzadiko kideek lagundu diote udal artxiboko lanekin.

Duela bi aste heldu zen Euskal Herrira, eta Lekeition bizi da. Ez da, baina, Euskal Herrira etortzen den lehen aldia. «Historia ikertzeko dokumentuak aurkitzea denez garrantzitsuena», dokumentuak eskura izateko Madrilen egin zuen masterra. «Madrilgo euskal etxeko euskara ikastaroan izena eman nuen eta praktikatzeko hilabetero Lekeitiora joaten nintzen, lagun batzuena. Asko ikasi eta gero Bizkaira eta Gipuzkoara etorri nintzen». Dena den, Japonian hasi zen euskara ikasten, ikasketa prozesuari errazago aurre egiteko: «Nire hasierako ideia da Espainiari buruzko ideia orokorra jasotzea. Orduan euskara, galegoa eta katalana ikasi nituen. Bertako hizkuntza jakiteak asko laguntzen du lekua ezagutzeko».

Hiru urteko lana

Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko kanpusean egiten du lan doktoregoa burutzeko, eta artxiboz artxibo eta elkarrizketaz elkarrizketa ibiltzen da historia osatzeko.

1766. urtean, aipatutako gariaren prezioaren igoeraren harira Gipuzkoan gertatutako matxinadako protagonistak identifikatzeko, eta garaiko egoera sozioekonomikoa aztertzeko, baliagarri izango zaizkion dokumentuak eskaneatu ditu Seguran Hidek. Hiru bat urte emango ditu Euskal Herrian, doktoregoa amaitu arte behintzat. Artean hemen eta han ibiliko da matxinadaren inguruko arrastoen bila.