Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.
Pasioz eta berotasun handiz irakasten du yoga onkologikoa Paula Barriok (Iruñea, 1965). 2002. urtean yoga aurkikuntza bat izan zen Barriorentzat. On egiten dio yogak eta uste du prozesu onkologikoak bizi dituztenentzat “oso lagungarria” izan daitekeela. 2010aren bueltan Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak tailer batzuk ematea proposatu zion. Ordutik, psikologoekin eta medikuekin trebatzen joan zen, eta ostean, Radika fundazioan espezializatu zen Adriana Jarrín irakaslearekin. Egun, Nazioarteko Sare Onkologikoaren parte da eta Mutiloako (Nafarroa) Alaya Yoga espazioan yoga onkologikoa ematen du. Klaseak nolakoak diren azaldu du.
Zertan datza yoga onkologikoa?
Yoga, berez, egokitzapena da, baina onkologikoaren kasuan askoz gehiago egokitzen gara bakoitzaren beharretara. Horretarako oso garrantzitsua da minbizi motak, ondorioak eta sintomak ezagutzea, eta horren araberako praktikak proposatzea.
Horretarako garrantzitsua da ikasleak ezagutzea?
Lehenik, garrantzitsuena da jendeari galdetzea, jakiteko zer daukan edo zein diagnostiko jaso duen, ebakuntzarik egin dioten eta horrelako gauzak. Bakoitzaren egoera ezagutzea lagungarria da jakiteko zerk egin diezaiokeen ongi eta zerk ez. Adibidez, sabelaldean ebakuntza bat egin dioten pertsona bati ez diogu esango ahoz behera jartzeko.
Euskarriak ere erabiltzen dituzue saioak egokitzeko. Nola?
Aulkiak, blokeak, yogako kuxinak eta bestelako euskarriak erabiltzen ditugu beste postura batzuen efektu berdinak lortzeko. Hau da, nahi dugun zonaldea lantzen dugu, baina momentu horretan ditugun mugak gainditu gabe. Egun batean beharbada gauza konkretu batean aulkia behar duzu eta hurrengoan ez. Aukera asko bilatzen ditugu; adibidez, nik bularra ireki nahi badut, baina ebakuntza bat badut bularrean, eta besoa igotzeak kalte egiten badit, efektu hori bilatuko dut besoa aldakara eramanez.
"Barne oreka moduko bat sortzen da, eta orokorrean egoera fisikoa hobetzen duten blokeoak askatzen dira"
Zer-nolako onura emozionalak ditu?
Yoga onkologikora datozen pertsonek zenbait ezaugarri dituzte amankomunean; hala nola antsietatea, kontrol falta eta ziurgabetasuna sentitzen dute. Horregatik, saiatzen naiz espazio lasai bat sortzen zeinetan oso seguru sentitzen diren. Modu atseginean eta xamurrean gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu. Zeure buruarekin ongi egoten baimentzen dizun lasaitasun moduko bat da, baina minbizia alde batera utzi, ahaztu eta identifikatu gabe. Arretarentzako lagungarria den etengabeko behaketa bat da. Arreta egoera horietan ikaragarrizko lasaitasun sentsazioa sortzen da. Momentuan bertan sentitzea onuragarria da, baina urrunago eramanez gero hobe. Halere, tantaka eta praktikarekin garatzen den zerbait da. Arnasketa horiek lagungarriak izan daitezke diagnostiko bat jaso behar dugunean edo proba bat egin behar digutenean eta ezin garenean mugitu.
Gorputzarekin birkonektatzen laguntzen du?
Ilea jausten hasten denean edota gorputzeko atal bat erauzten dietenean, euren gorputzekiko duten irudia ontzen doa. Batzuek esaten dute ergelak direla kezkatzen direlako ilea erortzen ari zaielako, baina ez da tontakeria: pila bat eragiten du. Azkenean ez duzu ongi ulertzen zertan ari den zure gorputza. Orduan, gorputzarekin birkonektatzea oso garrantzitsua da eta autoestimua handitzea ere.
Eta maila fisikoari dagokionez?
Tratamenduek zenbait efektu dituzte amankomunean; esate baterako, mugikortasunaren galera ebakuntza baten edo erradioterapiaren ondorioz, kimioak eragindako hezur-dentsitatearen galera, muskulu-ehuna galtzea, tratamenduek sortutako toxikotasuna eta goitika egitea. Yogak ez du miraririk egiten, baina praktikarekin horiek hobetu daitezke. Edozein ariketa fisikok dituen onurak ditu. Kontua da yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen dela. Helburua ez da nonbaitera iristea, baizik eta poliki-poliki eta indarkeriarik gabe lantzea. Barne oreka moduko bat sortzen da, eta orokorrean egoera fisikoa hobetzen duten blokeoak askatzen dira.
Saretzeko ere lagungarria da?
Oso garrantzitsuak dira yogan sortzen diren babes sareak. Prozesu berdinak edo antzekoak bizi dituztenekin egoteak espazio seguru batean daudela sentiarazten die. Azken finean, elkar ulertzen dute eta jendea oso ongi sentitzen da ez dutelako deus erakutsi, ezkutatu edo disimulatu behar. Oso polita da.
Zure klaseetan ez dago kuotarik, soilik gastuengatik ordaindu behar da. Irisgarriagoa izatea da helburua?
Ez daukat interes ekonomikorik eta oso ongi sentitzen naiz klaseak ematen. Behar duen edonork yoga egin ahal izatea funtsezkoa iruditzen zaidanez, niretzat garrantzitsuena da inor ez gelditzea kanpo ez duelako ordaintzeko baliabide ekonomikorik.