argia.eus
INPRIMATU
Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria
  • Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko uztailaren 19a
Yael Brau-Pivet, Frantziako Asanbleako lehendakaria. (Argazkia: Frantziako Asanblea)

Asanblea Nazionalak 577 diputatu ditu eta lehenbiziko bi bozketetan gehiengo osoa behar da asanbleako lehendakaritza lortzeko. Inork ez zuen lortu lehen bietan eta hirugarrenean gailendu zitzaion Yael Brau-Pivet (220 boto) FHBko hautagai Andre Chassaign buruzagi komunistari (207 boto).

Azken honek 22 urte daramatza asanblean diputatu lanean eta pentsatzen zen horren ondorioz akaso lor zitzakeela ezkerretik haragoko botoren batzuk. Brau-Pivetek postuan errepikatuko du, aurreko legealdian zeregin horretan jardun zuen eta, orain baino 22 boto gehiagorekin gainera; bera izan zen Frantziako Asanbleako lehen emakume lehendakaria. Errepublikako laugarren kargurik garrantzitsuena da. Bereak ez diren eskuineko diputatu askoren botoa ezinbestekoa izan da hautatua izan dadin.

Hautaketa hau ez dago erabat lotuta lehen ministro karguarekin, baina norabide bat adierazten du dagoeneko. FHBren garaipenaren aurrean Macron lehendakariak argi adierazi zuen herritarrei bidalitako gutun ospetsuan eginahalak egingo zituela ezkerreko lehen ministro bat ez izateko, eta bide horretan ari da. Azken finean, ezkerrak bigarren itzulian irabazi bai, baina Asanblea Nazionalean zentro-eskuina eta eskuin muturraren indar harremana oso desorekatua da eta, seguruenik, hori argi nabariko da legegintzaldian: 200 diputatu ezkerrak eta 350etik gora eskuinak.

Eskuineko Horizonsek eta Errepublikanoetako botoak bederen jaso ditu Braun-Pivetek orain eta oihartzunen arabera, Macronek bi indar horiekin gutxieneko gobernua osatzeko ahalegina egin dezake, gero bere politikak, komeni zaion arabera, ezker-eskuineko botoekin aurrera ateratzeko. Hirugarren bozketan, halaber, deigarria izan zen RNko Sebastian Chenu hautagaiak boto gutxiago lortu zituela aurreko bozketetan baino.