argia.eus
INPRIMATU
Xorroxin irratiak sabotajea salatu du
  • Igande eguerdian Xorroxin irratiaren emisioa eten egin zen, Baztandarren Biltzarra eguneko zuzenekoan lanean zeudela. Argindarraren kaxako fusible bat ostu zuen norbaitek. "Ez dakigu nork eta zein asmorekin egin zuen", azaldu digu irratiko kide Josetxo Apezetxeak.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 19a
(Argazkia: erran.eus)

Goizeko 11:00etatik aurrera programazio berezia zuen Xorroxin irratiak prestatua. Bi ordu beranduago, ordea, emisioa eten egin zen. Irratiaren tresneria eta antena dagoen etxolara bertaratu ziren langileak, Legatera, eta konturatu ziren fusible bat ebatsi zuela norbaitek. Teknikari lanetan aritzen den lagun batek lortu zuen arazoari irtenbidea ematea, baina ordubetez ez zuen emititzerik izan Xorroxinek.

"Fusiblea lapurtzea erraza da, edonork egin dezake, baina egin zuenak badaki tresneria non gordetzen dugun", esan digu Apezetxeak. "Gainera, fusiblea lapurtzeak arrisku pixka bat ere badu...". Sabotajea egin duen pertsonaren zioen inguruan galdetuta, esan digu ez dakitela nork eta zergatik egin duen.

Bestalde, irratiko kide Fernando Anbustegik iragarri du "ziur aski" salaketa jarriko dutela, Berria egunkariko kazetari Urtzi Urkizuri azaldu dioenez. "Oztopoak oztopo, Xorroxin irratiak aitzinerat segituko du", adierazi du Xorroxin irratiak. "Ez gaituzte isilduko!".