Xorroxin irratiak Legate mendian daukan errepikagailua erre egin da eta uhin bidez emititu ezinda geratu dira.
Igande gauean eman du problemaren berri Baztango irratiak berak. Oraingoz ez dute berri handiegirik, azken egunetako eguraldi txarra dela-eta ezin izan baitute errepikagailua dagoen ingurua behar bezala ikusi.
Larunbatean hasi ziren problemak, irratia ez baitzen behar bezala entzuten. Igandean irratiko bi lagun igo ziren Legatera eta irratiak emititzeko tresneriarekin daukan txabola erreta aurkitu zuten.
Tximista batek eragin duela uste dute Xorroxineko kideek ARGIAri azaldu diotenez, baina astelehenean, eguraldi hobea probestuz, berriz igo eta balorazio zehatzagoa egingo dute.
Aurreratu dutenez, posible da Nafarroako irrati euskaldun beteranoenak egun batzuetan ez emititzea.