XIX. mendearen bukaeratik Lehen Mundu Gerrara arte xiberotarrek gutun bidez ukandako komunikazioa ikertu du Elorri Arkotxak Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginiko tesian.
Garaiko Xiberoako gizartea eta errealitatea aztertzeko ez ezik, familia testuinguruko euskara xiberotarra aztertzeko parada izan da. Arkotxaren arabera, idazki hauek, besteak beste, erakusten dute herritarrek euskaraz idazteko ahalmena eta nahia zutela. Ikertuak izan diren hirurehun gutunak Xiberoako historia lantzen duen Ikertzaileak elkarteari esker berreskuratuak izan dira. Gehienak Xiberoako migratzaileen eta beren senideen arteko gutunak dira, eta beste multzo bat, Lehen Mundu Gerlakoak.