argia.eus
INPRIMATU
30 urte preso daramatzan Xistor Haranburu askatzeko eskatuz 6.700 sinadura jaso dituzte dagoeneko
  • Larunbatean jarri zuten abian kanpaina Bakearen Artisauek. Uztailaren 5ean Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak baldintzapean aske uztearen alde egin zuen, baina fiskaltzak helegitea jarri zuen eta preso jarraitzen du.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 10a
Apirilaren 9an Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Ion eta Unai Paroten askatasuna aldarrikatzeko Donibane Lohitzunen eginiko manifestazioa, Bagoaz kolektiboak deituta. Argazkia: Enbata.info.

Bakearen Artisauek Xistor Haranburu euskal preso politikoaren askatasuna exijitzen duen kanpaina abiatu dute Change.org plataformaren bitartez. Eskaera Frantziako Estatuko presidente Emmanuel Macroni zuzendua dago, eta Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etcheverry eta Michel Tubiana bakearen artisauen idatzia du oinarri.

“Badira urteak, tendentzia guzietako ordezkari politikoek sustengaturik, Euskal Herrian jendarte zibila 80 urteko bortizkeria eta sufrimenduaren orrialdea behin betiko gainditu nahi duen prozesu batean engaiatua dela. ETAren desegitea bururatu ez den prozesu honen funtsezko momentu bat izan zen”, dio idatziaren hasierak.

Bakearen Artisauek gogorarazi dute Haranburuk 30 urte daramatzala preso. Uztailaren 5ean Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak baldintzapean asko uztearen alde agertu zela, baina fiskaltzak helegitea jarri eta ondorioz preso jarraituko duela.

Hiru artisauek fiskaltzaren jarrera gogor kritikatun dute: “Ez da presondegian 30 urte bete dituen pertsona bat preso mantentzeko jarrera hau justifikatzerik, gutxiago, osasun egoera prekarioan izanki eta baldintzapean askatua izateko baldintza guziak betetzen dituenean. Ministerio Publikoaren erabakia abian den bake prozesua nahitara kontuan ez hartzeko erabaki bat dela deritzogu. “Xistor” Haranburu askatzeak ETAren birsortzea ekartzen ahal duela erratea, kasurik onenean ezjakintasuna eta txarrenean mendeku nahia dira, betiere gezurretan oinarrituriko argudioekin”.

Haranburuen kasuz harago, idatziak presoen hurbilketa prozesua “egun” geldi dagoela salatzen du: “Inolako arrazoirik gabe oraindik DPS estatuspean mantentzen dituzte. Ministerio Publikoaren erabaki honek ezinegona eta guzien sufrimendua berpizten ahal ditu” ―gerora, uztailaren 8an, Garikoitz Aspiazu preso santutxuarra Arlesko espetxetik Lannemezangokora hurbildu du Frantziako Estatuak―.

Artisauek Macronen hitzak gogoratu dituzte, Euskal Herria gatazkaren konponbidearen alorrean “eredu” bezala jarri zituenekoak, eta “ekintzak eta adierazpenak” lotzeko eskatu diote. Eskaerak 6.700 sinadura baino gehiago jaso ditu bost egunetan, eta ekimena zabalik da.