argia.eus
INPRIMATU
Xilaba bertso txapelketa eten dute konfinamendu neurriengatik
  • Xilaba 2020 txapelketak etenaldia izango du Emmanuel Macron Frantziako Presidenteak iragarritako konfinatze neurrien ondorioz. Hala jakinarazi du Bertsularien Lagunak elkarteak. "Kultura segurra dela sinetsirik, garaian garaiko baldintzek ahalbidetzen duten heinean, bertsolaritza sustatzen segituko dugu", adierazi du oharrean.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 29a
Muskildiko saioa (arg.: Bertsularien Lagunak elkartea)

Irailean ekin zion aurtengo Xilabak ibilbideari. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre barnebiltzen dituen bertso txapelketak, baina, ezin izango du final herenetako fasetik igaro, Emmanuel Macronek Frantziako Estatu guztirako –Ipar Euskal Herria barne– iragarritako konfinamendu neurriek ezinezko egiten baitute halakorik.

Nolanahi ere, antolatzaileak ziur dira "bertsoa eta Xilaba plazetara" itzuliko direla, "garaian garaiko baldintzek ahalbidetzen duten heinean". Txapelketak orain arte izandako harrera ona gogorarazi du elkarteak, bai parte-hartzaileen aldetik bai entzuleen aldetik ere, eta eskerrak eman dizkie saioak antolatzen lagundu duten guztiei. "Zuei guziei esker bertsoa eta, oro har, kultura segurra dela frogatu ahal izan dugu".

Azken bi urteetan Xilaba txapelketa taldeka egin izan da eta aurten berriz ere bakarkakoari ekin zaio: 28 bertsolari aritu izan dira, "sekula baino gehiago", antolatzaileen hitzetan. Iaz Ez Otoi Pentsa taldeak irabazi zuen eta barkako azken irabazlea Sustrai Colina izan zen, 2016an.