Pandemiak baldintzatutako testuinguruan jarduna mugatu ordez, egoerara egokitzea ahalbidetu dion berrikuntzarekin dator aurtengo Donostiako Zinemaldi Alternatiboa: emanaldiak kalera aterako dituzte. Urtero legez, proiekzioek gogoeta kritikoa bultzatzea izango dute xede, eta hain zuzen ere "helburuetako bat bizi ditugun egoeren aurrean gogoeta kritikoa eragitea" delako, ez dute alboratu nahi izan Johnny Deep saritzeko Donostia Zinemaldiaren erabakiaren gaineko eztabaida. Kritikatu egin dituzte bai saria emateko hautua, bai erabaki horri emakume aktoreek egindako kritiken ostean Zinemaldiko zuzendariak egindako adierazpenak.
Hamahirugarrenez, bueltan da Donostiako Zinemaldi Alternatiboa. Irailaren 17tik 26ra sei emanaldi emango dituzte hiriko txoko ezberdinetan, eta horietan gizarte gai eta gaztaka askotarikoak ardatz dituzten dokumental eta filmak ikusi ahalko dira: emakumeen papera Euskalduna ontziolako lan gatazkan, Euskal Herriko borroka antinuklearra, Espainiako Estatuko zentsura politikoa, punk mugimenduaren baitako korronte feminista, surfa eta ingurugiroarekiko errespetua... Aurreko edizioen bide beretik, hausnarketara gonbidatzen duten gaiak hautatu dituzte, gogoeta kritikoa sustatzea izanik jaialdiaren helburuetako bat.
Iaz bezala, aurten ere pandemiak baldintzatutako testuinguruan jaialdia aurrera ateratzeko moduak aurkitu beharrean ikusi dira antolatzaileak, eta egoerak beren jarduna mugatu dezan utzi ordez, berrikuntzaren bidetik jo dute: "bakarrik eta bakarturik nahi gaituzten garai hauetan", hainbat eragilerekin elkarlanean, emanaldi guztiak kalean egingo dituzte, auzoz auzo lekualdatuz, eta doan. Txantxarrekako terraza, Saguesko frontoia, Letamaneko terraza, Gladys Enea eta Trinitate enparantza bilakatuko dituzte zinema-areto. Zinema kalera ateratzearen aldeko hautuari "inflexio puntu" deritzote antolatzaileek, "hurrengo urteetarako aukera ederrak zabaltzen dituen planteamendua".
Zenbait proiekzio "bereziak" izango direla aurreratu dute antolatzaileek, eta horien artean aipatu dituzte Gladys del Estali buruzko Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala, eta Africa en Cinecicleta dokumentala. Bigarrena Trinitate enparantzan ikusi ahal izango da, eta dokumentalaren edukia ez ezik berau proiektatzeko modua ere berezia izago da: bizikleta pedalei eraginez egingo da emanaldia.
Jaialdiaren egitarauaren berri ematearekin batera, Donostia Zinemaldiari aipamena egin nahi izan diote antolatzaileek. Donostia Zinemaldiak - "eta beraz bere patronatua osatzen duten Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultur Ministerioak"- indarkeria matxistagatik salatua izan den Johnny Deep aktoreari saria ematea erabaki izana kritikatu dute, eta baita emakume aktoreek erabaki horri kritika egin ostean Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eginiko adierazpenak ere: "Barkamena eskatu eta erabakia zalantzan jarri beharrean, bere gizontasuna puri-purian adierazi zuen esanaz 'zinema jaialdi baten funtzioa ez dela industriako kideen jokabideak epaitzea'. CIMA emakumezko zinemagile espainiarren elkarteak adierazi zuen bezala, 'oso leku txarrean uzten du jaialdia eta bere zuzendaritza, eta mezu beldurgarria helarazten dio gizarteari: aktore ona bazara, bost axola tratu txarrak egin badituzu'. Penagarria".