Las actas de Txiberta (1977) izeneko liburua argitaratu du Anai Artea elkarteak. Luis Barriola, Battitta Larzabal, Mixel Mendiburu, Leire Mendiburu, Urtxoa Parot, Mirentxu Purroy eta Panpi Zamora aritu dira liburua osatzen.
1977an, Telesforo Monzonek alderdi abertzaleak (EAJ, ESB, ESEI, ANV-EAE, EKA, Laia (bai), Laia (ez), EHAS, EIA, auzapezen taldea, ETA (m), ETA (pm) eta azken talde hori uztea deliberatu zuten Bereziak) bildu zituen Lapurdiko Angelu herriko Xiberta Hotelean. Monzonen helburua Euskal Herria aldarrikatzen zuten alderdiek hauteskundeei begira bat egitea zen. Saioak porrot egin zuen.
Xiberta Hotelean egindako bost bilkuretako aktak Mirentxu Purroy kazetariak eman zizkion Anai Artea elkarteari 2004an. Purroy bilkura haietan izan zen eta Monzon, Argala eta Yoyesek emandako aktak jarri zituen elkartearen eskura. Liburuan aktez gain, Enbatak Monzoni egindako elkarrizketaren pasartea jaso dute eta baita Purroyren aitzinsolasa ere.