argia.eus
INPRIMATU
Xenpelarren bertso batzuk pilotaz

Javier Cuadra 2022ko maiatzaren 16a

Liburuxka bat eskuratu zitzaidan aspaldi: Chansons Basques (Hendaia, 1967). Pilotari buruzko kantu batzuk ageri dira bertan, eta aipamen berezia merezi du, nire ustez, horietako batek. Ez, nahi bada, kantuaren beraren garrantziagatik (aski arina eta transzendentziarik gabea baita, egia esateko), baina bai han-hemenka agertzen zaizkigun beste bertso-sorta batzuekin ditugun –edo izan genitzakeen– gorabeheren adibide ona delako, bere txikian ere.

Zu zira pilotari izenez agertzen zaigu kantutxoa liburuxkan eta hasieratik hartu nion ezagun-airea, baina denbora puska joan zitzaidan nire buru txarragatik harekin zer gertatzen zen ohartu aurretik, eta hori Txomin Agirreren Garoa-ren 1930eko Bigarren agerraldi obetu-ko ale bat irakurtzean izan zen. Azpimarratzekoa da hori orain: ez 1912ko testua, baizik eta Bigarren agerraldi obetu-koa.

Urkiolan, San Antoniotan, bertso berriak saltzen zituen gizon bat agertu zuen Agirrek. Xenpelarren bertsoak, Agirrek berak zioenez –eta ez ironiarik gabe, agidanez– errenteriarrarenak omen baitziren orduan bertso guztiak, saltzeko garaian.

"Prantziako pelotariai ateratako bersoak:

Amalau españoletan

Mateo prantzesa aaa.

Partidu onentantxe

izan da trabesa aaa.

Lau lautara

Ziran asi.

Altzuenak

Irabasi"

Hasteko ere, bistan da, aski arraroak dira horiek, bai neurri eta bai arrazoi. Baina, batez ere, kontua da ez bata eta ez bestea direla benetan Xenpelarrenak.

Bigarrena (“Lau lautara…”), Ramon Artolak (1831-1906) Donostiako Euskal-Erria aldizkarian 1888an kaleratu zuen Pillotariyak. Donostiako muralla kontra luzean jokatutako partiduba hartatik heldua zaigu, zatika eta itxuragabetuxea. Eta horretatik dugu, halaber, gorago esana dudan Zu zira pilotari hura ere, dena petatxuz eta adabakiz bada ere. Hortik hartzen nion, beraz, ezagun-airea… Eta ni harrituta (haserre ere bai kasik), bat-batean orain hain begien bistakoa iruditzen zitzaidan zerbaiti nola luze ohartu gabe egona ote nintzen.

"Urkiolan, San Antoniotan, 'bertso berriak' saltzen zituen gizon bat agertu zuen Agirrek. 'Xenpelarren bertsoak', Agirrek berak zioenez"

Artolarekin batera partida hura jokatu zuen Jose Zapirain Txaplillo-k azaldu zuen urte batzuk geroago partida hura zer eta nola izan zen, bai eta Artolak bertsoak nola boteak zituen ere (“Luzian... moch!”, Euskal-Erria, 1911). Galtzaile zihoazenak ikaragarrizko partida kalamitatea egiten ari zirela, irabazleek, isekaz, tranpian ari ote ziren galdetzerainokoan ere. Eta azkenean, desastrea zeharo biribiltzekotan bezala, Artola erori, besoa hautsi eta Petrikillo famatuarengana eraman behar izan zutela. Ohatilan zeramatela kantatu omen zituen Artolak bertsoak.

Lehen bertsoa, berriz, Alkain Udarregi-k ondua da eta, Frantzisko Apalategi (1867-1948) jesuitaren eskuizkribuzko ohar baten arabera, Donostiako kuboan jokatu zen azken partida izan zen hor aipatutakoa. Errebotean, lauk lauri, Bautista Eizagirre Azpeitiko Txikito batetik, eta Ahetzeko Mathieu Borotra bestetik, partidetako buru zirela.

Hiru partidara izan zen erronka, artean desafio handiak egiten ziren bezala: partida-kitora-ahuntzak (partie--revanche--le tout), bi Donostian eta beste bat Irunen jokatzekotan. Azpeitiarrak irabazi zituen Donostiako biak eta aheztarrak Irungoa. Apalategiren oharra zuzena bada, Donostian jokatu bi partidetako bigarrena (eta guztietan azkena) irudi luke bertsoetan aipatzen denak. Azpeitiarraren gainbehera bazetorren (edo adinak zekarren, hobeto esanda), eta gero eta gorago zekarren zirimola Mathieuk, zumitzezko xistera berriaren abokatu gehiena, Zerbitzari-ren aita Jean Elizalde Ganix-i sinesten badiogu. 1867ko Pariseko Erakusketa Unibertsalean, Napoleon IIIak eta Prusiako Gillermo kaiserrak armarik gabe elkar ikusi zuten azken aldi hartan, Mathieu zatekeen jokatu ziren pilota partidetan (Julian Marshall, The Annals of Tennis, 1878). Ezin ahaztu, bestela ere, 1886koa dugula Sarako Etxeberrik Hugo Schuchardtentzat idatzi zuen Lekay eta Briket, baina ezin ukatuzko balio historiografikoa duela era berean solas horrek, 1860etako pilotaz idatzi baitzuen saratarrak eta bertan dugu Mathieu gailen, guztien koko buruzagi.

Airean gora segitu gabe, halere, eta geure harira berriz itzulita, bere kantua eragin zuen Irunen jokatu partidak ere, urte hartan, Antoine d’Abbadieren Koplarien Gudura aurkeztua, eta pilotaz baino aberriaz gusturago eta gehiago ari.

Gure kontua ez da horrenbestez amaitzen, halere…

Garoa-ren laburpen luze bat argitaratu zuen Jean Etcheparek Gure Herria aldizkarian 1922an, eta honela aipatu zituen lekondarrak bertsoak: “Neurtitz batzu, arras ere pullitak, dioanez, senpertar batenak, Frantziako pilotarien gainean emanak".

Izan ere, eta horretxegatik azpimarratzen nuen gorago Garoa-ren 1930eko argitaraldia, Agirrek ez zuen jatorriz "Xenpelar" idatzi, "Senpelar" baizik. Bigarren agerraldi obetu-ak aldatu zuen Agirreren 1912ko Senpelar hura eta egun guztiona litzatekeen Xenpelar agertu. Etcheparek 1922an, bistan da, Senpelar baizik ezin zuen irakurri, eta dirudienez senpertar ezagunagoa eman zion begi-kolpeak, Senpelar ezezagun haren lekuan.

Bertso berriak, Xenpelarrek jarriak. Eta Oyen madria zein dan, Xenpelarrek daki.

Eta dena batera. Nork ematen du gehiago?