1972ko irailaren 2an Lekeition hil zituen Guardia Zibilak ETAko kide ziren Joxe Benito Mujika Xenki zarauztarra eta Mikel Martinez de Murgia Murgi sopuertarra. Orain arte bertsio ofizialak zioen tiroketa batean hil zirela, baina senideek eta Egiari Zor fundazioak eskatuta Eusko Jaurlaritzak aurrera eraman duen ikerketak ondorioztatu du Guardia Zibilak tirokatu zituela Lekeition eta 50 urteren ondoren, Eusko Jaurlaritzak "exekuzio arbitrarioaren biktima" ofizialtzat aitortu ditu.
Joxe Benito Mujika eta Mikel Martinez de Murgia "exekuzio arbitrarioaren biktima" ofizialtzat aitortu ditu Jaurlaritzak, eta adierazi du Espainiako Poliziak bizitzeko eskubidea urratu ziela. Berria hedabideak azaldu duenez, ikerketa hau egiteko hilketaren egunean bertan zeuden lekukoen testigantzak bildu dituzte, eta gorpuen azterketa egin zuen medikuetako batekin ere hitz egin dute: "Hark gordeta zeukan oraindik informazio guztia; kasua oso ondo gogoratzen zuen, gainera" adierazi dio euskarazko egunkariari Egiari Zor Fundazioak.
Lekeitioko Dendari Kaleko etxebizitza batean hil zituzten biak. Mediku txostenak zioen Mujikak tiro bakarra jaso zuela eztarrian, eta lekukoek ezagutzera eman dute tiro hura frankotiradore batek bota zuela etxearen pareko eraikinetik, Mujikak balkoiko atea zabaldu zuenean.
Martinez de Murgiaren kasuan, Jaurlaritzaren ikerketak zehaztu du hogei tiro jaso zituela gerrialdean, guztiak atzealdetik. Horrek bertsio ofiziala gezurtatzen du, tiroketa izan balitz ez lituzkeelako atzetik jasoko.
Berria egunkarian Jone Arruabarrena kazetariak fin jaso du ikerketa honen nondik norakoa: urte askoan kasua isilpean egon ondoren, 2016ko urriaren 2an Lekeitioko Udalak Gogora institutuari eskatu zion egia azaleratzeko ikerketa bat zabaldu zezan. Bi urte beranduago, hildakoen senideek eta Egiari Zor Fundazioak Jaurlaritzari errekurtsoa aurkeztu zioten 2016. urtean indarrean jarri zen 107/12 legaren bidez eta gertatutakoa ikertzeko eskatu zioten. Lege horren xedea da 1960tik 1978ra bitartean "motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa" ematea.
Egiari Zor Fundazioak eta 50 urte Xenki eta Murgi plataformak bi hildakook omentzeko ekitaldia antolatu dute elkarlanean. Irailaren 2an 19:00etan izango da Lekeition eta "Egia jakiteko garaia da" lemapean egingo da ekitaldi politikoa, bi etakideak hil zituzten etxearen aurrean. Lekeitioko Udalak harrera instituzionala egingo die senideei ekitaldiaren aurretik.
Ostiral honetan, irailaren 2an “Egia jakiteko garaia da” lelopean ekitaldi politikoa burutuko dugu Lekeitioko Dendari kalean.
1972ko irailaren 2an, Guardia Zibil franquistak bertan hil zituen Joxe Benito Mujika zarauztarra eta Mikel Martínez de Murgia sopuertarra. pic.twitter.com/asH9bFs3IX
— Egiari Zor Fundazioa (@EgiariZor) August 29, 2022