argia.eus
INPRIMATU
Xavier Artigas: “‘Ciutat Morta’-k operazio polizialak sistematikoki zalantzan jartzeko balio izatea nahi dugu”
  • Xavier Artigas Ciutat Morta dokumentalaren zuzendaria da. 4F-ko auziari buruz hitz egiten du ikus-entzunezkoak. Larunbatean Kataluniako kate publikoan emititu zuten dokumentala bost minutuko zentsurarekin, Bartzelonako lehen auzialdiko epaitegiaren aginduz.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2015eko urtarrilaren 20a

Xavier Artigas Ciutat Morta dokumentalaren zuzendaria da. F-4ko auziari buruz hitz egiten du ikus-entzunezkoak. Larunbatean Kataluniako kate publikoan emititu zuten dokumentala bost minutuko zentsurarekin, Bartzelonako lehen auzialdiko epaitegiaren aginduz.

Hilabeteetako presioaren ondoren TV3k emititu du dokumentala baina bost minutuko zentsurarekin, zergatik?

Udaltzaingoak dokumentala telebistan emititzea eragotzi nahi zuen.  Baina ez zuen lortu, eta azkenik Bartzelonako lehen auzialdiko epaitegiak badaezpadako neurria hartzea erabaki zuen dokumentaleko bost minutu zentsuratuz. TV3ri erabakia onartzea besterik ez zaio geratu.

Zer lortu nahi duzue dokumentalarekin?

Hasteko F-4ko istiluetan gertatutakoaren berri ahalik eta jende gehienari kontatu nahi diogu, bederatzi urtean isilduta egon ondoren. Baina dokumentalaren asmo nagusia kasua berriro ireki eta justizia egitea da.

Nolako eragina izan du dokumentala telebistaz emititzeak?

Gainezka egin digu guztiak, Kataluniako kate publikoak emititu izanak jende askorengana iristea ekarri du eta horrek eragin itzela sortu du jendearengan. Kasua berriz irekitzeko eta justizia egiteko eskatzen hasi da jendea eta oso pozik gaude, hori lortu nahi genuelako dokumentala egin genuenean. Atxilotuak torturatuak izan ziren eta beraiekin hitz egiteko aukera izan dugu. Gainera, Patricia Heras atxilotuetako batek bere buruaz beste egin zuen ezarritako zigorragatik. Jende askok sufritu du eta gertatutako argitara eraman nahi genuen.

Herasek beti defenditu zuen bere inozentzia.

Herasek behin eta berriz esan zuen ez zuela gertatutakoarekin inongo zerikusirik, kartzelara joan ziren gainerako guztiek bezala. Bere inozentzia erakusteko modua izan zen bere buruaz beste egitea. Espero dut bere heriotzak eta F-4ko auziak balioko dutela sistematikoki operazio polizial oro zalantzan jartzeko.