Industria-kooperatibetako hiru langile, baserritar jatorrikoak, idea bitxi batekin hasi ziren 70eko hamarraldian: ume koadrila bati bertsoa transmititzen. Bertso zaharrak kantatzetik hasi ziren, apenas irakatsi zuten bertso-teknikarik. Teknika ez baina bertsoaren etika eta patetika bat jariatu ziguten oharkabean: herrigintzaren adartxoa zen bertsogintza, erresistentzia jolasti bat, komunitate-zerbitzu bat gehienera, eta kultur sorkuntzak sarri ohi duen nartzisismo indibidual kamuflatu horretatik gutxi zuen, edo gutxi behar zuen. Herrigileak ziren gure hiru anfitrioiak, bakoitza bere erara.
Xanti berezia zen gaztetxoon begietan. Basajaun-gorputza, txapela buruan, ironia enigmatikoa. Eskola inoiz zapaldu gabea, jentil-usaina, hitz gutxiko jakinduria. Haren etxean biltzen ginen kanturako. Halako batean, etxea guardia zibilek inguratua zutela, armategia ezkutatuta zuela, familiakoak atxilotu zituztela eta Xanti ihes egina zela zabaldu zen, tiroketa baten ondotik. 80ko hasiera zen, eta geroztik mugaz bestaldean ezagutu genuen. Bizpahiru orduko oinezko bidean isolatutako haur eskolatugabearen baserriko sasitik, Europako azken erakunde armatuko klantestinitatearen sasira. “Sasitik sasira, arantzak dastatuaz larrosei begira” zioen bere bertso baten puntuak. Ekialdeko lurretan ere bertsoaren hazia ereiten ibili zen, hitz gutxirekin adiskideak egiten. Bere abizenak nonahitik ‘agiri’ den etxearen oihartzuna dakar, baina bere jaiotetxeak, zerbaiten azpian ezkutuago dagoen etxe apalarena.
Ez dugu hemen lekurik XX. mendearen bi muturren testigantza hunkigarria mamitu zuen gizonaren marrazki txar bat egiteko. Biziaren azala liburuan bildu ziren hark bere ibilbidean idatzitako gogoetak, eta bertsoak, bertsoak, inork gutxik idatzi ditu inoiz tamaina esperientzial horretako zortziko eta hamarrekoak. Urpean dago Añarbe.