Xanti Iparragirrek Eskoariatzako Aingeruguarda baserritik (Kortako Zelaia izenez ere ezaguna) ihes egin behar izan zuenekoa horrela kontauta du Biziaren azala liburuan.
"Goizeko lauretan lo hartu ezinik nenbilen eta zortizetan irten nintzen etxetik. Lo gelditu ziren emaztea, bost seme-alaba eta amona.
Bilkura bat neukan Arrasaten. Hamar eta erdietan bazen atsedenaldi bat. Hura baliatuz irtena nintzen handik. Hiru egun lehenago Gasteizera eramandako bi mutil ekarri behar nituen etxera. Martxoaren azken igandea izaki, gau hartan aldatua zuten ordua; horrek zenbait zalantza sortu zizkidan. Esandako tenorean eta lekuan ageri ez zirenez, lekuz aldatu nintzen. Irrati bidez jakin nuen gertatuaren berri. Bi mutiletatik bat hila zuten, bestea atxilotua.
Etxera bidean atera nintzen. Etxe ondoan konturatu nintzen bezala, han bazen ni baino lehenagokorik. Ibilgailua bertan utzi eta basora sartu nintzen. Beste errepidera joan eta han kamioi bat geldiarazi, zenbait kilometroz joan eta zenbait ordu pinu artean gordeta pasa ondoren, gau guztia ibiliaz, biharamun goizean etxe gaineko sasi artean nengoen. Baina han ez zegoen zer eginik; denak eramanak zituzten: ama, hiru alaba eta semea, oraindik adingabea. Haiek komisarietan zituzten. Amona haur ttikiareki, beste nonbait.
Zenbait egunetan amona ekarri zuten eta gure alaba ttikia eskuetatik zuela eman zion etxeari itzulia. Etxeko giltzak zakurren esku zeuden. Haiek zebiltzan han berek nahi bezala etorri eta joan, erleak erlauntzera bezala sartu-irtenean. Baina erleen alderantziz, ez baitzuten ezer ekartzen, eta beti bazuten zerbait eramateko. Ni dena ikusten eta ezer ezin egin.
Baserriari begira neramatzan egunak hemezortziraino luzatu ziren. Etxeko martxa zerbait aldatzen hasi zen; amak espetxean jarraitzen bazuen ere, hiru alaba eta semea behin-behineko askatasunean ziren. Ez zuten han goxotasun handirik aurkituko: balio zuen guztia eramanak eta gelditzen zirenak ongi astinduak. Ezer ere ez bere lekuan. Janariak janak, edariak edanak, paper guztiak eramanak edo erreak.
Niretzat garrantzitsua zen etxea etxekoen esku ikustea, biziak jarraitzen zuela ikustea. Baina hango egitekoa betea neukan".
Mikel Antzak Arroz Urez liburuan honela bukatzen dun Iparragirreren kontakizuna: "Hamar egunez torturatu zituzten Xantiren emazte Maria Luisa Guenetxea, eta Marijo, Marixol, Maite eta Xanti seme-alabak, Espainiako Poliziak Gasteizko Olagibel kalean duen egoitzan. Maria Luisak kartzelan eman zituen hurrengo sei urteak.
Marixolen bikotekidea zen Pana" [Joxe Manuel Ariztimuño, Espainiako Poliziak Gasteizko Florida parkean bertatik bertara tiro eginez hil zuen mutila].