argia.eus
INPRIMATU
Xanti Iparragirre hil da
  • Xanti Iparragirre Perurena hil da urtarrilaren 2an, besteak beste bertso eskolen sortzaileetakoa eta bizitza euskal gatazkari lotuta emandakoa (Maixol Iparragirreren aita). Azken agurra urtarrilaren 4an egingo diote. 19:00etan Elizan meza izango da, eta ondoren, 20:00etan, azken agurra Ibarraundi museo aurrean egin beharrean, eguraldiagatik lekuz aldatu eta Udal pilotalekuan izango da.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko urtarrilaren 02a
Xanti Iparragirre, 1986an. Saria ematen ari zaio Almen bertso eskola elkarrekin abiatu zuten Patxi Goikolea. Atzean, bien artean eserita, Felix IƱurrategi. Gai-jartzen, Nikolas Segurola. Argazkia: ARGIAko argazki artxiboa.

Amets Arzallusek honela jaso zuen Xanti Iparragirreren ibilbidea, ARGIAn 2004an egin zion elkarrizketan: “1934an jaio zen Errenteriako Añarbe baserrian, orain urak hartua daukan baserri batean. Lehenik baserri lana, hamasei urterekin aizkora hartu eta mendira, azkenik gaueko lanean, bizibide gogor denak probatu zituen gaztea zen artean. 1959an Eskoriatzara ezkondu, eta bost seme-alaba izan zituen. Inoiz eskolarik zapaldu gabea izanagatik, bertso eskolen hazia erein zutenetako bat izan zen. 1981ean Iparraldera errefuxiatu behar izan zuenetik zuloz zulo ibili da. 2003an itzuli zen atzera Eskoriatzara, herrira. Biziaren Azala izeneko liburuan, prosan eta bertsotan, bilduak ditu bere bizipenak”.

Almen bertso eskolan eta Iparraldean bertso irakasle

1974an sortu zuten Almen bertso eskola Patxi Goikoleak eta Xanti Iparragirrek, Joanito Akizurekin batera. Leintz bailarako ikasleak biltzen ziren bertan, eta bertsolari on askoak atera zituzten irakasle hauek. Bertso eskola honetako ikasle izan ziren, besteak beste: Aitor, Iñaki eta Jon Sarasua, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izarzelaia, Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Saioa Arando, Ainhoa Agirreazaldegi...

Talde giroa egitea izan zuten helburu, bertsoaren bidez euskara eta euskal kultura lantzea. Almen ikastolan larunbat goizetan ematen zuten bertsolaritza, eta Eskolarteko Txapelketak prestatzeko garaia iristen zenean, Apotzaga auzoko elkartean afariak antolatzen zituzten, ikasle gaztetxoak lehenik pilotan arituz, ondoren elkarrekin afalduz eta afalostean bertsotan jarriz.

Oholtzan

Jendaurreko lehen plaza 1961-62an egin zuen, Ordizian, 22 bertsolarik parte hartu zuten txapelketa batean.

Txapelketeta hauetan hartu zuen parte: 1962ko Gipuzkoako Txapelketan ; 1964ko Gipuzkoako Txapelketan1966ko Gipuzkoako Txapelketan ; 1969ko Loiolako Herri Irratia Sarian ; 1981ean Leintz bailarako txapelketan ; 1985eko Euskal Herrikoan ; 2002ko Iparraldeko Bertsu Ligan ;

Bertsolaritzaren Datu Basean jasotako informazioan, ikus daiteke plaza hauetan kantatu zuela: 1980an Aretxabaletan, 1981ean Aretxabaletan ; 1987an Urruñan1993n Urepelen ...

2008an Amets Arzallusek irabazi zuen lehenengo Xilaba txapelketa, eta Xanti Iparragirrek jantzi zion txapela. Hemen ikusentzun daiteke  momentu solemne eta hunkigarri hartan, azken puntuko azken esaldian ironia fina erabiliz nola jarri zituen Iparragirrek entzuleak barrez lehertzen. Hauxe txapela ematerakoan Amets Arzallusi kantatu zion bertsoa:

Garai bateko amets urruna

jada hara, bertaratu

hazi txikitik landare eder,

orain oihan bilakatu.

Oihan hortako izarra Amets

nere zorionak hartu

xapel bana denek merezi zuten (bis)

krisian gaude, barkatu!

 

“Bertsolaritza ez da onenen kontua bakarrik”

Amets Arzallusek egin zion elkarrizketan, honela kontatu zuen bertso eskolen sorreran nola hartu zuen parte: “Patxi Goikolea hasi zitzaidan zerbait egin behar genuela esanez. Eta Almen ikastolan larunbat goizetan aktibitate libreak eskaintzeko aukera atera zenean han hasi ginen. Egia da bertsoa berezkoa edo ikasia, zer den, eztabaida bazegoela. Orduan eta beti. Basarri zutik sano antzean ibiltzeko gauza zen arte kontra egon zen beti. Eta goitik ere entzuten zen horrek berezkoa behar zuela eta ezin zela ikasi. Kontuak kontu gu hasi egin ginen. Eta guk ere haurrekin batera ikasi genuen nola ibili gutxi gora behera. Haurrak bertsoa onartzeko bertsoak haurrentzako egina izan behar zuela ohartu ginen eta ez bertso ona eta sakona. Zerbait esaten zuena eta arina baizik”.

Elkarrizketa berean aipatu zuen bertso eskoletan egin daitekeen akatsa zein den: “Bertso eskoletan egiten da hoberenak bereizi eta besteak baztertu. Hori niretzako ez da bide ona. Bertsolaritza ez da onenen kontua bakarrik. Bertsolaria mahai-inguruan eta lagun artean umorea sortzen ere ikusten dut nik. Herri mailako bertsolaria oso inportantea da. Baina gizarteko beste arloetan bezala, bertsotan ere elitekoak bakarrik balio duela denen buruan sartuta dago. Orduan, balio duenari ematen zaio laguntza, eta besteak bazterrera. Nik sekula ez dut onartu bide hori”.

 

Xanti Iparragirre, 1987an. Ondoan ditu, besteak beste, Almen bertso eskolako bere ikasle Jon Sarasua eta Arantzazu Loidi. Argazkia: ARGIAko argazki artxiboa.
Bertsozko gutunez, mugez eta sasiez gaindi

Bertsolari aldizkarian honako artikulua idatzi zuen Iparragirrek 2019ko irailan, bere ikasle eta lagun izandako Aitor Sarasuaz. Bertan kontatzen du nola bertso bidezko gutunak gurutzatu zituzten sarasuatarrek eta Iparragirrek, bertsozale askorentzat oso ezagunak direnak eta musikatuta kaleratu zirenak:

"Iritsi zen eguna denak utzita alde egin behar izan nuena, baina loturak jarraitu zuen. Bertsoak idazten nizkien [Almen bertso eskolako ikasleei] eta zortzi-bederatzik erantzuten zidaten (gero nik denei erantzun behar). Aitorrekin bertsoak gurutzatuz jarraitu nuen, bere irakasle txapel handia ahaztu gabe.

Durangoko Azokan aurkeztu zuten Fauna Ttikian ere sartu ninduten. Aitorrek idatzi eta kantatu zituen bertsoak Jonek gitarrarekin lagunduta. Gautxoritzat hartu ninduen, zuloan gordeta zegoen hontza. Geroztik, entzuten ditudan bakoitzean, ileak zutik jartzen zaizkit. Erantzuten ahalegindu nintzen, baina egoerak ez zidan laguntzen".

Hemen entzungai bertso sorta hori:

Aitor Sarasuari bertso hau jarri zion Xanti Iparragirrek:

Hor ikusten dit lore gorri bat
sasi artean hazia
Txapel zaharraren itzalpetikan
eguzki bila hasia
Saiatu hadi zutik irauten
amestu duken guzia
Zerbaitengatik eskainia duk
hire ta nire bizia
Gu lurperatzen geran lekuan
berpiztuko dut hazia.

Xanti Iparragirre 1987an. Argazkia: ARGIAko argazki artxiboa.
Hona hemen ARGIAk Iparragirreri egindako elkarrizketak:

"Sufrimendua luzea bada, konponbideak ere luzea izan behar du" 2004an Amets Arzallusek egindakoa.

"Bertsolaritzak Bere Garaiarekin Batera Aurreratu Behar Du", 1986

Ahotsak proiektuak grabatutako elkarrizketak:

Hemen ikusentzun daitezke Miren Artetxe eta Kepa Elortzak Xanti Iparragirreri Ahotsak proiektuak egindako elkarrizketak.

Bertsolari aldizkarian erreportaje zabala:

Bertsolari aldizkariko 30. zenbakian Almen bertso eskolari eskaini zioten azala, eta bertan Xanti Iparragirrek bere atala izan zuen. Hemen irakur daiteke.