argia.eus
INPRIMATU
XanOlive elektro-pop taldearekin itzuliko da zuzenekoetara Xano Halsouet
  • Urtarrilaren 21ean Oiartzungo Pagoa aretoko taulara igoko da Xano Halsouet bere talde berriarekin, urtetan zuzenean aritu gabe egon ostean.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 20a
Xano Halsouet musikari urruñarra.

Ibilbide luzeko musikaria da Halsouet urruñarra. 1990eko hamarkadan Prestuak taldean hasi zen eta gero King Mafrundi kultuzko reggae taldeko kide izan zen.

Musikari askorekin kolaboratutakoa, azken urteetan produktore gisa nabarmendu da. Bere eskua sumatzen da Pantxika Solorzanoren eta Maddi Zubeldiaren lanetan, baita Atsegin, Diabolo edo Kartsuki taldeenetan ere, besteak beste.

Baina ekoizpen lanekin bakarrik ezin antza, eta bi lagunekin elkartu da talde berri baten sortzeko: batetik, Basque Electronic Diaspora proiektuaren bidez ezagutu zuen EMC Apaizgoa; eta bestetik, King Mafrundin taldekide izan zuen  Matthieu Haramboure. Hirurek bat eginda xanOlive proiektua jarri dute martxan, iturri ugaritatik edaten duen pop elektroniko talde bat, nahiko proposamen eklektikoa dakarrena.

Grabazioetatik aparte entzun nahi izanez gero, urtarrilaren 21ean dago aukera bakanetako bat Oiartzungo Pagoa aretoan, 23:00etatik aurrera.