argia.eus
INPRIMATU
Xabier Zabalo euskal presoa espetxera itzularazi du Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak
  • Frantziako Poliziak 2002an atxilotu zuen zumarragarra, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. Sare Herritarrak mobilizazioa deitu du datorren ostiralerako, Urretxuko Potros Plazan.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 04a
Sare Herritarraren manifestazio bat, Donostian. Sare Herritarra

Zaballako (Araba) Espetxe Zaintzako juntak proposatuta, otsailarean 21ean Xabier Zabalo euskal presoarentzako hirugarren gradua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Audientzia Nazionaleko Fiskaltzak, ordea, astelehenean helegitea aurkeztu dio Lakuak hartutako erabakiari, eta zumarragarrak espetxera itzuli behar izan du bigarren graduan.

Sare Herritarrak Madrildik hartutako gertakaria gaitzetsi du, eta galdetu du ea zer zentzu duen Zaballako espetxeko juntak hartutako erabakiari helegitea aurkezteak: "Zein oinarrirekin erabakitzen da espetxeko profesionalek egokitzat ikusten duten aurrerapausoari helegitea aurkeztu eta berehalako prozeduraz gainera, Xabier espetxera bidaltzea?

Plataformak "lege arrunta" aplikatzea eskatu du, "etxerako bidea diseinatzen duten irizpideak" ardatz izanez gero Zabalok lehenago jasoa lukeelako hirugarren gradua: 2025eko urrian beteko ditu zigorraren hiru laurdenak, eta nahikoa da zigorraren erdia betetzea hirugarren gradua jasotzeko.

Sarek gaineratu du zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko baliabideak eskaini behar direla, Espainiako espetxe sistema "birgizarteratzen sinesten duen sistema bat" bada: "Xabierrek argi erakutsi du bide horretan bere konpromisoa, eta konpromiso horren ondorio da Zaballako espetxe juntak egindako proposamena".

Mobilizazioa ostiralean, Urretxuko Potros plazan

Espetxeratzea salatzeko, Sarek datorren ostiralean, martxoaren 7an arratsaldeko 20:00etan antolatu duen mobilizazioan parte hartzera deitu du, Urretxuko Potros plazan.