argia.eus
INPRIMATU
Etxerat: “Xabier Reyren heriotza ekidin zitekeen, baina ez dute nahi izan”
  • Etxerat euskal presoen aldeko elkarteak Xabier Rey Urmeneta euskal presoaren heriotza dela eta egin duen agerraldian salatu duenez, "Xabierren heriotza ekidin zitekeen, baina ez dute nahi izan. Xabier Reyren heriotzaren erantzukizun osoa espainiar Estatuak mantentzen duen salbuespenezko espetxe politika suntsitzaile honek dauka".

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 07a
Etxerateko kideek espetxe sistema egin dute Xabier Reyren heriotzaren errudun. (Argazkia: @EtxeratElkartea)

Xabier Rey Urmeneta euskal preso politikoa Puerto de Santa Mariako (Cadiz, Espainia) espetxean hil dela eta Iruñean egindako agerraldi publikoan egin ditu baloraziook Etxeratek (hemen irakurri duten testua osorik).

Etxerateko arduradunek salatu dituzte Xabier Reyk urteotan jasan dituen bizi baldintza oso gogorrak: "Lehen graduaren aplikazio sistematikoak espetxe legedian aurrerapausorik lortzeko ate guztiak ixten ditu. Baina, are gehiago, espetxe jarduera oro egiteko oztopo eta debekuak sorrarazten ditu espetxe bizitzari aurre egiteko (...) Ez ote da krudela Xabier Reyren senide eta gertukoek 1.050 kilometro egin behar izatea Puerto de Santa Mariaraino, haien senide maitearen gorpu bizigabea ekartzeko, 10 urte luzez egin dituzten bidaia amaigabeen eta nekagarrien antzera?".

Zenbait hedabidek zabaldu dutenean Xabier Reyk bere burua hil duela, Etxeratek espetxe sistemaren erantzukizuna nabarmendu du, euskal gizarteari sakabanaketaren eta espetxe baldintza horien kontra mugitzeko eskatuz: "Erronka honi aurre egiteko konpromisoa, ausardia eta adorea eskatzen dugu. Euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean".

38 urteko iruindarra, 10 urte zeramatzan preso 2008an atxilotu zutenetik eta bolada luzeak pasarazi dizkiote isolamenduan. Puerto de Santa Maria Euskal Herritik 1.050 kilometro baino gehiagora dago. 26 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Reyri, honek polizia espainolak eragindako torturak salatu zituen epaiketa batean.