argia.eus
INPRIMATU
Xabier Martin
“Ez badakigu telefonoa konfiguratzen, ez dugu euskaraz erabiliko”
  • “Nola erabili euskaraz gaur egungo teknologia” lerro-buruko hitzaldia eman du Xabier Martinek Hendaia euskaraz ekitaldiaren karietara. Iparra.eus webgunearen sortzaile eta kudeatzailea da Xabier Martin, orain bost urte abiatu zuen ekimena.  

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko martxoaren 16a
"Jendea euskarazko tren teknologikoan sartu ezean, euskarak ez du lekurik izango eguneroko bizitza teknologikoan". Jendea euskarazko tren teknologikoan sartu ezean, euskarak ez du lekurik izango eguneroko bizitza teknologikoan

Euskaldun gehienok ez dugu teknologia euskaraz erabiltzen? Zergatik?

Batez ere, erabilgarriak diren euskarazko aplikazioak gehienok ez ditugulako erabiltzen. Gero eta aplikazio gehiago euskaraz izateko, euskaraz ditugunak erabil behar ditugu, etorkizun batean gero eta aplikazio gutxiago ez edukitzeko. Euskaraz aurrera egiteko, ez badago aplikazio onak euskaraz, nahiz eta euskaraz libre egon, joera ez dago euskaraz erabiltzea ingelesez erabiltzea baizik, nahiz eta euskaraz libre egon. Hau da, jendeak erraztasunera jotzen du eta ez badugu buruan sartzen euskaraz dagoena erabili behar dugula, ez dugu lortuko teknologia euskaraz egonkortzea eta ziurtatzea.  

Non dago gakoa, joera aldatzeko?

Kontua da esku artean ditugun gailuak ulertzea. Gauza ez da botoi bat sakatzea eta listo. Darabilgun teknologia ez dakigu nola funtzionatzen duen. “Tori telefonoa, hor dituzu Whatsapa, Twitter, Facebook, agenda eta beste…”, Eskua artean ditugu, baina ez dakigu euren etekinak baliatzen, eta are gutxiago euskaraz erabiltzen. Ez badakigu telefono bat konfiguratzen, eta horrek dituen ondorio onak, ez dugu euskaraz egingo. Lehenik eta behin ikasi behar dugu erabiltzen, hartara, euskaraz izan genitzakeen onurez jabetzeko. Hori ez da aski landua!

Zer jende suerterengana iritsi nahi duzu?

Nik nahi dudana da euskaraz bizi nahi duenarengana iristea, eta sistema eragile guztietan sartzeko gaitasuna izan dezan laguntzea. Euskaraz eta teknologiaren bitartez bizi nahi duen herri bat aldarrikatzeko. Hau da, “euskaraz bizi nahi dugu” aldarrikapena “teknologiaren mundua euskaraz bizi nahi dugu” bihurtu behar dugu. Hau da, ez dakigu zenbat jende dagoen prest Interneten euskaraz bizitzeko. Euskaraz bizi nahi dugunok nahi hori kaletan agertu izan dugu, baina Interneten eta sare sozialetan ez. Nabigatzen dugunean, euskaraz egiten badugu, euskararen alde ari gara, baina ez dakigu zenbat garen, ez dugu ikusten, baina egon badago, asko gainera, orduan nire helburu da, kalean fisikoki manifestatzen dena, mundu teknologiaren bidez manifestatzea eta ezagutaraztea.

Mundu teknologikoa beldurgarria da, edonola ere.

"Jendea euskarazko tren teknologikoan sartu ezean, euskarak ez du lekurik izango eguneroko bizitza teknologikoan"

Nik ere datorren mundu teknologikoari “kezka moduko bat” badiot, kezkatuta nago euskaldunok teknologia euskaraz ez duelako erabiltzen, etorkizunean mundu horretan euskaraz ez bizitzea. Egia da, laster autoetan edota etxeko ikuzgailuan eta hozkailuan pantailak izango dira. Horiek emango digute mila gauza egiteko aukera, erraztasun handiz eta arin. Baina horiek ingelesez izango dira eta ez badugu teknologia euskaraz bizitzen ikasten, euskarak ez du lekurik izango.

Noski, ohartzen naiz teknologia berriak euskarazko prentsa eta euskarazko liburuen kaltetan garatzen ari dela, baina ez badugu teknologiaren trena hartzen, ez gara euskaraz biziko mundu teknologikoan. Gutxiengo bat biziko da, baina euskaldun gehienok ez.

Teknologiak gauza txar asko ekarri digu, ados, baina gauza on asko ere bai. Nire hitzaldien bidez euskaraz ari ez den jendea tren horretara igotzen lagundu nahi dut. Jendea euskarazko tren teknologikoan sartu ezean, euskarak ez du lekurik izango eguneroko bizitza teknologikoan.

Baikorra edo ezkorra al zara?

Jendea gero eta interesatuagoa ikusten dut. Hitzaldi gero eta gehiago ematen dut. Gero eta jende gehiago galdetzen dit webgunean daudenari buruz. Noski, nik ez dut behar adinako ahalmenik, bakarrik ari naiz eta musu-truk, denbora librean, pixkanaka, ez daukat talde bat nire atzean. Hala ere, jendeak gero eta gehiago nahi ikasi teknologiaren bidez nabigatzen. Jendea hor hobeto egiteko gailu suerte guztiak konfiguratzen ikasi behar duela ohartu da. Nik ahalmen dutenek horren ardura handiago hartzea gura nuke. Nire webgunea Iparra.net izan zen hasieran eta gero Iparra.eus bilakatu zen. Horretan aitzindaria izan nintzen.

Iparra.eus eta Xabier Martin:

Diru laguntzarik ez dauka. Sare sozialen edo ahoz aho zabaldu du bere proiektua orain arte. Web gunea berak bakarrik kudeatzen du, inolako helburu ekonomikorik gabe. Ikasiz joan da eta gero jende gero eta gehiago erakarri du bertara. 30.000 sarrera izan du azken bi urteetan. Euskara hutsean denez gero, lorpen handia da. Baikorra da, kopurua handituz baitoa.

Iparra.eus egitasmoaren sorreran bi ideia izan zituen, euskara sustatzea teknologiaren bitartez, hau da, ordenagailua, telefonoa eta egungo gailu eta aplikazioaren suerteren bitartez.

Ideiaren azpian, munduan barrena joan diren euskaldunak izan ditu gogoan, AEBetara joandakoak, besteak beste. Hango kulturaren jabe egindakoak, eta jatorrizkoa gorde nahi dutenak.

Munduan euskarak babesik gabe, eta aldi berean, euskararen aurkako gero eta eraso gehiago ikusi zuen, Nafarroan adibidez, baita Iparraldean ere.

Hartara, hango eta hemengo munduak lotzeko xedez abiatu zen, bereziki belaunaldi gazteei begira. Beraz, Euskal Herrian barrenetik abiatu, eta munduko euskaldunengana iritsi nahi izan du. Mugak zabaltzen hasi zen, lehenengo aplikazioak jarri zituen, sistema eragileak eta bideo tutorialak ondoren. Esaterako, oinarrizko gauzak jendeak ordenagailua edo telefonoa ez daki konfiguratzen, eta euskaraz zer esanik ez.

Hainbat baliabide teknologiko ekarri ditu euskaraz bizi nahi duen jendeari laguntzeko.