argia.eus
INPRIMATU
Xabier Lizaso: “Neurozientziak dio gaur egun ez dagoela beste ekintzarik musikak adina garunari lana ematen dionik”
  • Euskalerriaren Adiskideen Elkartean onartu berri dute Xabier Lizaso, musika eta neurozientzia uztartzen dituen proiektuari esker.  

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 06a
Musikarekiko orotara dagoen ikuspuntua aldatu nahi du (Argazkia:urolakostakohitza.eus)

Deiak egin dion elkarrizketan proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. Do Re Ni izenpean, proiektuaren ardatzean pertsonak daudela azpimarratu du Lizasok. Besteak beste, kantu jolasetan, dantza jolasetan edo antzerki jolasetan oinarritutako metodologia berria da. Momentuz, 0 eta 7 urteko haurrekin hasi da lanean, hezkuntza sisteman txoko bat eginez.

Proiektuak musika eta neurozientzia batzen ditu. Lizasoren abiapuntua garuna musika bidez estimulatzea izan da: “Neurozientziak dio gaur egun ez dagoela beste ekintzarik musikak adina garunari lana ematen dionik, eta musika entzutearekin bakarrik garunak lan handia egiten du”. Entzutean lan handia egiten bada, musika lantzean emaitzak nabariagoak dira. “Erraztasun handiagoa lortzen da, esaterako, matematiketarako”. Horrez gain, neurona gehiago lantzen direla nabarmendu du, eta ohiko egoera batean, horiek “denbora luzeagoz” bizi direla.

Metolodogia jolasen bidez lantzen du. Behin eta berriro errepikatzen diren ariketak eginez, sare neuronala zabaltzea da xedea: “Ez dira ikastaroak, testuingurua jolasak dira”. Lortu nahi duen emaitzetako bat musikarekiko, orotara, dagoen irudia aldatzea da. Izan ere, hezkuntza sisteman enkajatzen ez duten horiek beren tokia aurkitzen baitute musikan eta ondo sentitzen baitira musikari esker. “Musikak magia berezi bat du”.