argia.eus
INPRIMATU
Xabier Leteren azken kontzertua CDan aterako dute. Entzun aurrerapen kantua
  • Xabier Letek 1999ko irailean Errenterian (Gipuzkoa) eskaini zuen azken kontzertua CD bikoitzean jarriko du abenduaren 4an salgai A&M Kultur Promotorak: Xabier Lete zuzenean. Hogeita bat kantu bildu dituzte orotara, horietatik hamaika sekula grabatu eta diskoan jaso gabeak. Tartean dago ARGIAk entzungai jartzen dizuen kantu hau: Jardin bat zuretzat.

2011ko azaroaren 23a
Xabier Lete zuzenean diskoaren azala

Letek, azken kontzertu horretan, Pascal Gaigne (gitarra), Txema Garces (baxua), Pello Ramirez (txeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Karlos Gimenez (pianoa) izan zituen taldekide.

'Xabier Lete gogoan' kontzertua Donostian, abenduaren 4an

Abenduaren 4an Xabier Lete gogoan kontzertu birako hamaikagarren emanaldia egingo da Donostiako Kursaal auditorioan. Kontzertu berezia izango da, egun horretan beteko baita urtebete Lete hil zela. Kantari arituko direnen artean daude, besteak beste, Paco Ibañez, Bernardo Atxaga, Antton Valverde, Amaia Zubiria, Amets Arzallus eta Erramun Martikorena. Musikariak, bestalde, Luis Fernandez, Xanet Arozena, Beñat Serna, Francisco Herrero eta 1999ko kontzertuan Lete lagundu zuten Txema Garces, Karlos Gimenez eta Joxan Goikoetxea izango dira.

Han aurkeztuko dute Xabier Lete zuzenean. Errenteria 1999.IX.25. Azken kontzertua CD bikoitza.

Kontzertua 19:00etan hasiko da. Sarrerak www.kutxasarrerak.net webgunean eskura daitezke.