Urriaren 8an eta 9an egingo da Xalbador Eguna Urepelen (Nafarroa Beherea), Deiadarra elkarteak antolatuta. Aurten, Xalbador hil zela 35 urte beteko direnean (azaroan), hari kantatu zion (Urepeleko artzaia) Xabier Lete musikaria gogoan izango dute. Jaialdiaren aurreneko egunean Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du, eta 9an Xabier Lete eta Ez Dok Amairuri buruzko bideo emanaldia eta Joxe Mari Iriondoren hitzaldia izango dira. Herri kirolak, dantza emanaldiak, Erramun Martikorenak eta Xendarineko ahizpek girotutako bazkaria eta erromeria ere egingo dira, besteak beste.
'Xabier Lete gogoan' kantaldia Baionan
Baionan, bestalde, Xabier Lete gogoan kantaldia egingo da irailaren 24an herriko antzokian, Gure Irratiaren 30. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldi sortaren baitan. Eñaut Elorrieta Ken7 taldeko musikariak, Pier Paul Berzaitzek, Anje Duhaldek, Pettik, Amets Arzallusek eta Arantxa Irazustak parte hartuko dute emanaldi horretan.