Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza ilunaren atzean.
Zumaiako Hegiak memoria elkarte sortu berriak anuk.eus webgunea zabaldu du Espainiako Poliziaren zaintzapean hil zen Xabier Kalparsororen kasua argitzen laguntzeko.
30 urteren ondoren, Anuken atxiloketarekin eta heriotzarekin oraindik argitu gabe dauden gertaera eta datu batzuen inguruko azalpenak jaso dituzte webgunean: Durangoko atxiloketa eta haren inguruabarrak, hilabete lehenagoko Ertzaintzaren atxiloketa eta beste. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta katalanez sortu dute webgunea, eta bertan Kalparsororen argazki pertsonalak, kontakizunak, hemeroteka, garaiko bideoak eta argazkiak, audioak, bibliografia gomendioak bildu dituzte. Helburua da "egia ofizialaren faltan, Xabier Kalparsorori gertatutakoa herritarren esku uztea", Hegiak memoria elkarteak adierazi duenez.
Elkarteko kideek azpimarratu dute egitasmoaren balio handienetakoa dela lan boluntarioz eginda dagoela. Hainbat herritarren ekarpenei esker burutu dituzte dokumentazio lana, webgunearen diseinua eta garapena, itzulpenak, argazkiak jaso...
Ekitaldi publikoa
Gaurko egunez, irailak 26, Egiari Zor fundazioarekin batera ekitaldia egingo dute Kalparsororen heriotza argitu dezaten eskatzeko. 19:00etan izango da Zumaiako Moilaberri eremuan (euria eginez gero, Aita Mari aretoan).
Orain 15 bat urte kasuari buruzko dokumentala sortu zuten Zumaian: Anuken Egia. ARGIAren multimedia kanalean ikusgai dago.
30 urte egiaren zain
Xabier Kalparsoro gaztetarik Zumaiako borroka anitzetara lotu zen, institutuko ikasle garaitik hasita. Jarrai gazte antolakundean Gipuzkoa mailan ardura politikoak izan zituen eta liberatuta aritu zen urte luzez. 17 urterekin lehen aldiz atxilotu zuen Guardia Zibilak. 25 urterekin, sabotaje ekintza bat tarteko, Polizia atzean zuela Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Han egin zen ETAko kide.
1993ko maiatzetik aurrera
Uda horretan Hego Euskal Herrira igarotzean Gasteizko taberna batean Jarraiko kide ohi batekin topatu zen. Berarekin izandako elkarrizketan atxiloketa luze batetik atera berria zela adierazi zion. Lagun horrek hitz hauekin adierazi zion poliziari Kalparsororen egoera: “Aurpegia guztiz itxuragabetua zuen eta eskuak azal bizian. Ertzaintzak atxilotu zuela esan zuen. Denetarik egin ziotela, baita drogatu eta ondoren libre utzi ere”. Hurrengo egunean lagun horrekin beste zenbait lagunen pisuan bazkaldu zuen. Beso eta hanketan zituen harramazkez galdetuta ahozapi bat hartu eta ondorengoa idatzi ei zuen artega: “Ordu luzez sasi artean izan naute, ez dut horretaz hitz egin nahi”. Segituan metxeroa hartu eta su eman zion ahozapiari. Handik ordu batzuetara Ertzaintzak Laudion Anuk izeneko errefuxiatu bat atxilotu zuela jakitera eman zen. Egunkariek hala argitaratu bazuten ere, polizia guztiek ukatu zuten. Hurrengo egunean Txatok Sansomendin Guardia Zibilak duen kuartelera deitu zuen nor zen esanez. Han inork ez zion sinetsi.
Laudio, Durango, Indautxu eta Basurtu
Uztailaren 13an Laudio inguruko mendietan ETAren zulo bat aurkitu zela zabaldu zen. Hil horren azken egunean, Espainiako Polizia Kalparsororen bila azaldu zen bere etxean. Ez zuten bertan aurkitu.
Irailaren 23an Durangoko udaltzaingoa, Zumaiako udaltzainekin harremanetan jarri zen eta azken hauei esker jakin zuen Kalparsororen familiak Xabier atxilotua zegoela, lapurreta leporatuta. Familiarekin ez zuela hitz egin nahi “mozkor antzean, burutik joanda bezala zegoelako” moduko datu kontraesankorrak eman zizkioten. Familia Durangora gerturatu eta epailearen aginduz Bilboko Indautxura eraman zutela esan zieten. Indautxura hurbiltzean erantzun zitzaien Basurtuko ospitalera eraman zutela, Xabierrek berak hala eskatuta. Han bai, ospitalean zen, baina ezin izan zuten ikusi. Izan ere, hil arte koman emandako 2 egunetan familiari bisita galarazi zioten, poliziak ezarritako inkomunikazio egoeraren izenean. Xabier han zela erizain bati esker jakin zuten.
Bertsio ofiziala
Poliziak gaur arte Kalparsororen heriotzaz emandako azalpena sinple bezain bitxia da: Indautxuko polizia-etxeko bigarren pisuko gelan atxilotuta zegoela, berarekin zen polizia lurrera bota eta leihotik behera salto egin zuen. Erorketaren ondorioz hil zen. Guda zikina edo tortura susmoak izan diren gainerako kasu gehienetan bezala, ugariak dira bertsio ofiziala zalantzan jartzen duten gertaerak.
Gertatu zena oso bestelakoa izan zela aditzera ematen duten zenbait datu – Esposatuta zegoen. Hil ondoren ere esposen markak nabariak ziren.
– Terrorismoaren aurkako lege zorrotzaren neurri guztiak ezarri zizkioten. Neurri horiei muzin egin eta leihotik behera salto egitea oso zaila da.
– Basurtuko mediku batek familiari esan zion tortura zantzu ugari zituela.
– Autopsia egin zuen auzitegiko medikuak idatzi zuen ezinezkoa zela Kalparsororen heriotza salto baten ondorioa izatea. Gorpua hormatik gertuegi zegoen eta beraz, erorketa inpultsorik gabekoa izan zen
– Basurtuko erizain baten arabera, “ez nazazue gehiago jo” oihukatu zuen ospitalean zela onera etorri zen momentu batean.
– Urriaren 7an, Kalparsorok ETAko zuzendaritzari igorritako eskutitzak argitaratu zituen Egin egunkariak. Testu horretan abuztuaren 30etik aurrera Laudion poliziak atxilotu, mendira eraman eta zenbait egunez bahituta izan zutela azaldu zuen Kalparsorok. Poliziak emandako droga baten ondorioz burua erabat galduta eduki zutela aditzera ematen zen. Egun horien ostean libre utzi eta Ertzaintza atzetik izan zuela idatzi zuen.
– Laudio inguruko zenbait herritarrek bailarako mendietan poliziaren presentzia handia izan zela adierazi zuten, Kalparsorok eskutitzean bahituta izan zela dioen egun beretan.
–Durangoko abokatu batek Kalparsororen amari adierazi zion Durangoko udaltzainen komisaldegitik ertzainak, guardia zibilak, Espainiako poliziak, militarrak eta zerbitzu sekretuetako kideak azaldu zirela. Poliziaren arabera kaptazio lanak egiten zituen ETAko kide arrunta izanik, neurriz kanpoko mugimenduak, edonola ere.
Justizia bide antzua
Torturaren Aurkako Taldeak, Zumaiako Udalak eta Kalparsoro familiak egindako salaketak artxibatu egin zituen Bilboko Instrukzio Epaitegiko Maria Soledad Alejandre Demenech epaileak. Bide judizialak orain arte utzi duen bakarra 1995ean izan zen. Bizkaiko Auzitegiak Indautxun zaintza lanetan ziren bi guardia zibil zigortu zituen, Kalparsorori leihotik behera salto egitea ez galarazteagatik. Gaur arte inork bete ez duen sei hilabeteko espetxealdia izan zen zigorra. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak falta soil batera murriztu zuen epaia.