argia.eus
INPRIMATU
Xabier Iturberen izendapenaren aurkako auzia itxi du epaileak
  • Donostiako Lehen Instantziako Zortzigarren Epaitegiak atzera bota du EH Bilduk Xabier Iturbe Kutxako presidente izendatzeko prozeduraren aurka aurkeztutako salaketa. Epaileak ebatzi duenez, Iturbe Kutxako presidente berri izendatu zuen batzarraren erabakia atzera botatzeko helegitea epez kanpo aurkeztu zuen koalizioak. Horretaz gain, EH Bilduk salaketa hori jartzeko legitimotasunik ez duela iritzi du.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko apirilaren 22a
Xabier Iturbe Kutxako presidentea.

EH Bilduk astearte arratsaldean jakinarazi du epailearen erabakia eta ez dira ados azaldu. Larria iruditu zaie epaileak koalizioaren legitimotasuna zalantzan jartzea: “Kutxako Batzar Nagusiaren erdia ez bada nor gai honen inguruan demanda bat aurkezteko, nork dauka ahalmen hori?” galdetu dute koaliziotik.

Epaileak salaketa onartuz gero, Kutxaren azken bi urte eta erdiko erabakiak kolokan gera zitezkeen, horien artean Kutxa banku-fundazio bilakatzea edo Kutxabanken baitan hartutako erabakiak.