argia.eus
INPRIMATU
Iturbe epaitegian Kutxako presidente izendapenaz azalpenak emateko
  • Kutxako presidentea aukeratzeko prozesuan izandako ustezko irregulartasunen inguruan azalpenak emateko deklaratu du Kutxaren Presidente Xabier Iturbek epaitegian. 2012ko batzarrean aukeratu zuten presidente. Hautaketa prozesuan gorabehera handiak izan ziren eta EH Bilduk inpugnatu egin zuen batzarra.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko martxoaren 25

Duela urtebete onartu zuen epaileak Kutxako presidentearen aurkako salaketa. Asteazkeneko saioaren ondoren erabakiko du epaileak Iturberen izendapena eta ordutik hartu dituen erabakiak baliogabetzen dituen.

Kutxako zuzendaritzak gizarte eragileen (Kontseilua) ordezkariaren hautagaitza baliogabetu zuen 2012ko batzarrean adin epea ez betetzeagatik. Kontseiluaren ordezkariak EH Bilduren alde bozkatzea aurreikusten zen eta horrela, EH Bilduko hautagai Antton Izagirre bihurtuko litzateke Kutxaren presidente. Kontseiluko ordezkariaren ordez, Javier Barace DYAko kidea izendatu zuen Xabier Iturbek, jarduneko presidente gisa, gizarte eragileen ordezkari.

Barace abstenitu egin zen presidente aukeratzeko bozketan eta Izagirreren eta Iturberen hautagaitzak berdinduta geratu ziren zazpina botoekin. Iturberekin lerratutako kontseilariek eta Kutxako talde juridikoak erabaki zuten adin gehiena zeukan kidearen kalitate-botoarekin haustea berdinketa eta horren ondorioz, Xabier Iturbe aukeratu zuten Kutxako presidente.

Horrela, indar oreka Iturberen alde jarri zen Kutxaren administrazio kontseiluan, pribatitazioaren prozesua erraztuz.