argia.eus
INPRIMATU
Xabier Isasi: “Pertsonen ongizatea dago auzitan; euskaldunena, kasu honetan”
  • Datorren azaroaren 16ko Psikologo Euskaldunen III. Topaketan Xabier Isasi Balanzategi UPV-EHUko irakasle eta UEUkideak egingo du sarrera hitzaldia. Euskara eta psikologoen lana izango ditu mintzagai.

unibertsitatea.net @@uninet_ataria 2019ko azaroaren 11
Argazkia: unibertsitatea.net.

Euskara eta psikologoen lanaz ari garenean, zein da egoera?

Psikologian lizentziatu berria nintzela Bizkaiko eskualde euskaldunean hasi nintzen lanean eskola psikologo gisa. XX. mendeko 90ko hamarkadaren amaieran psikologian euskaraz jarduteko ez zegoen ez testik, ez eskulibururik, ez diagnostikoetarako baliabiderik, ez ezer. Hori horrela, udalerri oso euskalduneko gurasoak etorri zitzaizkidan laguntza eske. Aita-ama euskaldunei alaba gorra jaio zitzaien. Oso urduri azaldu zidaten psikologo batek esan ziela alabari erdaraz hitz egin beharko ziotela eta alabak hizkuntzarik ikastekotan, gaztelaniaz ikasi behar zuela. Psikologo hark esan omen zien “euskarak ez zuela balio ume gorrei hizkuntza irakasteko” eta, halabeharrez, haurraren hizkuntza gaztelania izan behar zela. Izugarria. Orduz geroztik ez dugu gehiegi aurreratu. Oraindik orain, ikusmen edo entzumen gabeziak dauzkaten euskaldunek zailtasunak dauzkate euren hizkuntzan artatuak izateko. Kontuan hartu psikologia eta pedagogia eremuetan erabiltzen diren diagnosi lanabesetan, testak eta abar, %2a inguru besterik ez dagoela euskarara egokiturik.

Aipatutako euskarazko diagnostiko-tresnez gain, zein hutsune daude gaur egun?

Psikologoen prestakuntza sakon landu behar dugu. Ikusi izan ditut psikologo erdaldunak haur euskaldunei elkarrizketak egiten itzultzailearen laguntzaz. Ezagutu nuen kasu bat sei urteko ume batena, hitz egiteko ezintasuna zuena jaiotzetiko miopatiaren eraginez. Psikologoak (erdalduna) aztertu zuen eta autista zela diagnostikatu zuen, komunikatzeko arazoak antzeman zizkiolako! Gurasoak, baserritarrak, larrituta zeuden haien semetxoa autistentzako gela itxian zeukatela-eta. Kasua berriz aztertzean, autisten gela berezian bisita egin nion umeari. Han zegoen, lurrean eserita, adurra zeriola, mantala blai eginda; altzaririk gabeko eta leihorik gabeko gela koltxatu batean, bera baino dezente handiagoa zen beste haur batekin. Zentroan zaindari eta hezitzaile guztiak erdaldunak ziren. Umeari, hurbildu eta euskaraz hitz egin nionean, irribarrez, aurpegia argitu zitzaion. Autista? Hitz egiteko arazo fisikoak zituen euskalduna, horixe zen. Erdaldunez inguratua, inkomunikazio egoerara kondenatua, psikologo ezjakinaren erruz. Seguru nago oraindik horrelako ankerkeriak gertatzen direla psikologo euskaldunen faltagatik. Hutsuneak? Ugari.

Zer nabarmendu nahiko zenuke?

Psikologiaren deontologiaz unibertsitateko lankide batekin izan nuen eztabaida. Eztabaidatzen ari ginen gaitasun psikologikoei buruzko testak euskarara egokitu behar ziren ala ez. Nik baietz eta berak, jatorrizko euskalduna izanda ere, ezetz; euskaldun guztiok edo ia guztiok erdaraz ere badakigula. Esaten zidan kontua politizatzen ari nintzela; ez nuela nahastu behar euskararen berreskurapena eta psikologia. Muturra behar zuen! Nik esaten nion inongo psikologok ezin dezakeela onartu edozein pertsonaren ongizate psikologikoa kaltetzea hizkuntza, ideologia edo bestelako sineskeriengatik; eta euskaldunei zor zitzaiela beste edozein pertsonei ematen zaien arreta bera bere ongizaterako, baita psikologian ere. Zer nabarmendu? Gure auzi hau psikologia izaerakoa dela, bilatu behar dugula pertsonei zerbitzurik egokiena emateko modua. Hori, euskaldunen kasuan, jakina, euskaraz egin behar da. Psikologiaren beharra nabarmenduko nuke.

Zergatik da garrantzitsua psikologo euskaldunen topaketa?

Nik uste esana dagoela. Psikologook kontziente izan behar dugu, zerbitzu egokia emateko, euskaraz dauzkagun gabeziak gainditu behar ditugula. Oso garrantzitsuak dira. Pertsonen ongizatea dago auzitan; euskaldunena, kasu honetan.