argia.eus
INPRIMATU
Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren irabazleari
  • "Urte luzetan egindako lan isila" aitortu eta eskertzeko hautatu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Xabier Gaztelumendi, irabazleari txapela jantzi diezaion. Bertsoa.eus webgunean egin dioten elkarrizketan "ohorea eta harrotasuna" sentitu dituela adierazi du: "Ez delako txantxetakoa elkartean isil-isilik eta itzalpean lanean ari diren dozenaka emakume eta gizon ordezkatzea noiz eta horrelako momentu batean".

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2019ko abenduaren 04a

Txapelketa honetan parte hartu duten Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolarien aita ere badenak, horrela azaldu du etxeko bertso giroa: "Ume-umeak zirela beti bertsoa, hitza, errima… landu izan dugu jolas bezala eta nonbait Beñati eta Unairi ere gustatu eta bertso eskolara eraman genituen txikiak zirela". Lotura honetan ikus daiteke elkarrizketa osorik.

Abenduaren 14 arratsaldean Donostia Arenan jokatuko da finala

Hauek dira abenduaren 14an 17:00etatik aurrera finalean kantuan arituko direnak:

Zuzenean sailkatuak:

  • Agin Laburu Rezola (hirugarren finala du. 2011n eta 2015ean ere aritu zen finalean).

  • Beñat Gaztelumendi Arandia (laugarren finala du. 2007an, 2011n eta 2015ean aritu zen. 2015ean txapeldun).

  • Jon Maia Soria (laugarren finala du. 2003an, 2007an eta 2015ean ere aritu zen).

Puntuazioz sailkatuak, hurrengoak:

  • Alaia Martin Etxebeste (hirugarren finala du. 2011n eta 2015ean ere aritu zen).

  • Ane Labaka Mayoz (lehen finala du).

  • Oihana Iguaran Barandiaran (hirugarren finala du. 2015ean eta 2017an ere aritu zen).

  • Beñat Lizaso Alberdi (lehen finala du).

  • Nerea Elustondo Plazaola (lehen finala du).

Finaleko sarrerak eskuratzeko aukera bertsozale.eus webgunean dago.