argia.eus
INPRIMATU
Xabier Erro: “Everesten ikurrina jartzeagatik espedizio-buruak komisariara deitu zituzten, atera kontuak!”
  • Xabier Erro mendizalea (Lesaka, 1946) zendu da, 1980an Everest gailurrera iritsi zen euskal espedizioko kidea, Hondarribiako bere etxean. 

Jon Torner Zabala @jtorner 2018ko martxoaren 27a

1980ko hamarkadan harreman estua izan zuen ARGIArekin (hainbat kolaborazio egin eta argazki artxiborako irudi ederrak bidali zituen), eta elkarrizketa biren protagonista ere izan da.

2015ean Gorka Azkaratek egin zion elkarrizketako goiburua duzue Everesteko ikurrinari erreferentzia egiten diona. Halaxe gogaratzen zituen 1980koak: "1974an Everest igotzeko lehenengo euskal saiakera egin zen, Tximist espedizio sonatua tarteko. Cegasa enpresa izan zen babesle nagusia, hortik espedizioaren izena. (...) Ez zuten gailurrera iristerik lortu, eta berehala bigarren saiakera egin nahi izan zen. Garai hartan, baina, ez zen gaur egun bezain erraza Everestera igo ahal izateko baimenak lortzea, eta urte batzuk itxaron behar izan genituen (...) Bigarren saiakera hartan ere (1980an) Cegasa enpresa atzean egon arren, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak 8 milioi pezeta eman zituen. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko udal askok diruz lagundu zuten espedizioa. Nafarroako Erriberako udal askok ez ezik, Ipar Euskal Herriko udal askok ere lagundu zuten diruz. Horrek eman zion benetako naziotasun izaera espedizioari. Aldaketa garaia zen eta sekulako ilusioa genuen alde horretatik ere (...) Zalantzarik gabe [garaipen politikoa ere izan zen nolabait]. Guk baino lehenago oso nazio gutxik zeukaten Everest igota, eta arrakasta itzela izan zen hura Euskal Herriarentzat".

“35 urte pasa dira eta gizartea aldatu den modu berean aldatu da mendizaletasuna ere. Teknologia, baliabideak, babesleak… Dena dira errekorrak eta horrelakoak. Gure espedizioaren helburua mendia egitea zen, baina etxean hasi eta buka”, dio Errok. Irudian, Aconcaguara egindako ibilaldi batean. / Xabier Errok utzia

Bestalde, ARGIAk 1981ean egin zion elkarrizketa duzue honakoa: Everest-etik Lhotse Shar-era. Lotseren azpi-tontor Lotse Shar mendira (8.383 m) egindako espedizioaz mintzatu zen Erro, baita Everestekoaz ere. Besteak beste, kontatzen zuen espedizio horretarako hiru milioi pezeta lortu zituztela. "Asko al da?" ARGIAk galdetu. Eta Errok erantzuan: "Begira, Himalayako zortzi mila metrotako mendia egiteko behar den espedizioa montatzeko, oso diru gutxi duk. Everest egiteak 16 milioi eraman zizkian. Hortik aparte, han filmatutako materialarekin hemen filmea egiteak beste bosto milioi eraman dizkik. Beraz, filmea eta guzti hogeita bat milioi. Eta oraingo honetan hiru milioirekin egin behar izan diagu dena zeren orain ere filme bat egin diagu 16 mm.tan. (...) Eske Everesteko hartan kondizio onenetan mugitu gintuen. Katmanduko hotel onenetsuenetan, haize akondizionatuarekin, e.a. Orain aldiz, hotel merke batetan. Pentsa pertsona eta eguneko hamabost bat rupia ordaintzen genizkian -hogei bat duro-. Bestalde, Everest egiteko hogeita hamar sherparekin kontatzen genian eta oraingo honetan birekin bakarrik. Osea, kondizio minimoetan joan gaituk azken hau egitera".