argia.eus
INPRIMATU
Xabier Erkiziaren idi-gurdien zaratak Madril hartuko du
  • Madrilgo Cinetecak lau saioko zikloa eskainiko dio Xabier Erkizia ikerlari, ekoizle eta soinu-artistari otsailaren 17tik 20ra bitartean. Zikloaren barruan estreinatuko da Erkiziaren lehen film luzea, O Gemer (Intziria), Donostiako Zinemalditik pasa ostean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko otsailaren 10
Xabier Erkiziaren lehen film luzeko irudi bat.

Izan behar du zerbait euskal idi-gurdiaren soinuak. Victor Hugo liluratuta utzi zuen: “Ez Weber-en koru batek, ez Beethoven-en sinfonia batek, ez Mozart-en melodia batek sorrarazi dute inoiz gaizki harriztatutako bide batean gaizki koipeztatutako bi gurpil horien karranka haserreak ene baitan sorrarazi zuena loriazkoz eta ezin esan ahalakoz”. Hitz horiekin deskribatu zuen XIX. mendeko nobelagile handiak deskribaezina dirudien hotsa, Koldo Izagirrek euskaratu zizkion testuak biltzen dituen Idi-orgaren karranka liburuan irakur daitekeenez.

Joan zen Hugoren mendea, joan zen hurrengoa ere, XXI.enera iritsi eta idi-gurdiaren soinu hori berriz ere. Izango du zerbait, bai. “Antzinako zarata bati buruzko film berri bat” azpitituluarekin aurkeztu zuen Xabier Erkiziak bere lehen film luzea azkeneko Donostiako Zinemaldian. Euskal idi-gurdiek egiten duten soinu bitxiari jarraituz egindako bidaia geografiko eta historikoa da. Lan esperimentala, bilatzen duena Kantauri isurialdean 1960ko hamarkadaraino entzun zitekeen soinu bat gaur egun. Baina ez hemen, Brasilgo erdialdean baizik.

Azken 10 urteetan Erkiziak idi-gurdien soinua ikertzen emandako denboraren emaitza da O Gemer. Tamara García Iglesias produktoreak ikusi zuen ikerketa-lan horrek pelikula bat egiteko aukera ematen zuela eta ekoizlearen proposamen horri jarraituz jarri zen abian proiektua. Baita burutu ere: elkarrizketarik gabeko 63 minutuko dokumental bat, idi-orgen karranka hori, Victor Hugo liluratu zuen zarata hori gaur egungo begi-belarriei erakusten diena modu gordinean, ia biolentoan.

Hiru emanaldi Madrilen

Zinemaldiaz gain, Bilboko Zinebiren azken edizioan ere ikusi ahal izan zen O Gemer, baita Porto/Post/Doc festibalaren bederatzigarren edizioan ere. Otsailean berriz, Madrilen hiru emanaldi antolatu dituzte (hilaren 17an, 18an eta 19an, hirurak 20:00etan Azcona aretoan).

Horietatik lehenbizikoan, Erkiziak hitz egingo du filmaren gaiaz. 18ko saioan berriz, O Gemer-ekin lotutako bi pieza labur ikusi ahalko dira –Aboio #4 eta Aboio #1–; eta 19koan beste bi –Aboio #2 eta Aboio #3–. Madrilen Erkiziaren inguruan antolatu duten zikloa amaitzeko, “Los sonidos y los días de Xabier Erkizia” (Xabier Erkiziaren soinuak eta egunak) izeneko saioa antolatu dute, hiru Aboio proiektatuko dituena.

Horiekin batera, Ferreyra, un film concrète ere ikusi ahal izango da, Erkiziak eta García Iglesiasek Beatriz Ferreyra konpositoreari buruz egindako 19 minutuko lana. Musika konkretuaren alorreko artista garrantzitsuenetako bat da Ferreyra eta pieza labur horretan haren etxera egindako bisita bat erakusten zaio ikusleari, azken hamarkadetan osatu dituen konposizioen zatiez lagunduta.

Memorias de un Lian Nain ere emango dute otsailaren 20ko saioan. 2008an eta 2009an Ekialdeko Timorren egindako grabazioak jasotzen ditu soinu-obra honek eta herrialde hartako ahozko kultura ulertzeko gakoa den “hitzen maisua”-ren figura aztertzen du. Emanaldiok amaitzean, publikoarekin solasaldia izango du Erkiziak.