argia.eus
INPRIMATU
Helegitea aurkeztuko dio Espainiak inkomunikazioaren aurkako Estrasburgoren epaiari
  • Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Xabier Atristainek ez zuela izan prozesu “justu eta ekitatezkoa” inkomunikazio aldian egindako autoinkulpazioetan oinarrituz zigortu zutelako, eta preso ohia aske geratu zen berehalakoan. Epaiak beste preso askori eragin diezaioke.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 13a
Xabier Atristain, espetxetik irten berri Estrasburgoko epaiaren ostean. Argazkia: tve.es

Astearte goizean Pilar Llop Espainiako Justizia ministroak “sosegua” eskatu zuen, adieraziz Estatuaren Abokatutza egoera aztertzen ari zela. Edonola dela, "oso larritzat" jo zuen Estrasburgoko epaitegiaren epaia. Arratsaldean jakin zen Espainiak, Estatuaren Abokatutzaren bitartez, helegitea aurkeztuko diola Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiari.

AVT elkarteak eginiko eskaerari eta presioei men egin die Espainiako Gobernuak. Elkarteak ohartarazi du Atristainen aldeko epaiak beste dozenaka presori eragin diezaiokeela. Horretan bat dator EH Bildu ere. Atristain aske geratu ostean, epaiak “aplikazio analogikoa” izan behar zuela adierazi zuen koalizioak, hainbat euskal presori eragiten baitie.

Inkomunikazio aldiko autoinkulpazioen balio eza

2010ean atxilotu eta inkomunikatu zuen Xabier Atristain Guardia Zibilak. 2013an hamazazpi urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. 2022ko urtarrilean ebatzi du Estrasburgok Atristainek ez zuela prozesu “justu eta ekitatezkorik” izan: inkomunikazio aldian ez zuen konfiantzazko abokatuekin egoterik izan, tarte horretan hainbat ekintza eta delituren erruduntasuna onartu zuen, eta horiek izan ziren bera zigortzeko oinarria epaiketan.

Ondorioak, argitzeke

Estrasburgoko epaiak antzeko baldintzetan zigortutako hainbat euskal presori eragin diezaioke. Ez hori soilik. Martxoan, Auzitegi Nazionalak Gorka Palacios absolbitu zuen inkomunikazio aldian egindako adierazpenak ez zituelako froga bezala onartu, Estrasburgoko epaia aintzat hartuz. Orain ikusi beharko da Europako epaitegiak Espainiaren helegitea tramitera onartzen duen edo ez –epaitegiak aho batez hartu zuen erabakia–. Onartzekotan epaiaren ondorioak hilabete askotan luzatuko lirateke, epaitegiak epai berriari heldu arte.