argia.eus
INPRIMATU
Xabier Atristain aske utzi dute behin-behinean
  • Martuteneko espetxetik irten da preso donostiarra ostegun arratsaldean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Estrasburgok urtarrilean ebatzi zuen inkomunikazio egoeran konfidantzazko abokaturik izan ez zuenez bere eskubideak urratuak izan zirela.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 17a

Xabier Atristain euskal presoa aske utzi dute ostegun arratsaldean eta Martuteneko kartzelatik irten da, urtarrilean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak harturiko erabakiaren ondoren. Estrasburgok ebatzi du Atristainek ezin izan zuela konfidantzazko abokaturik ukan atxiloturik izan zen bitartean, inkomunikazio egoeraren ondorioz; Espainiako Auzitegi Gorenari bere auzia berrikusteko eskatu dio presoaren defentsak. Hala, hori egin bitartean aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Preso donostiarra 2010ean aurkeztu zen Biarritzeko polizia-etxean, espaniar poliziak bera atxilotzeko agindua zuela jakinik. Madrili entregatua izan ondoren aske geratu zen, baina urte bereko irailean berriz atxilotu zuten eta bost egunez izan zuten inkomunikaturik. Bere burua autoinkulpatu zuen egun horietan, baina ondoren torturapean izan zela salatu zuen.

Auzitegi Nazionalak behin-behinean utzi du aske presoa, baina baldintza batzuen pean, hala nola, bizileku zehatz bat izatea eta Espainiako Estatutik ez irtetea baimenik gabe. Estrasburgok Atristainen inguruan eta inkomunikazioari buruz emandako epaia "aurrekari" gisa hartu du bere abokatu Zigor Reizabalek, egoera berean askoz kasu gehiago daudelako bere esanetan.

Hain justu, beste kasu horiek gogorarazi ditu Atristainek berak kartzelatik irten orduko: "Espetxean urraketa berdin-berdinak jaso dituzten pertsonak gelditu dira eta beraien egoera ere konpondu behar da". Atristainek alboan izan du espetxe atarian Haimar Altuna Sortu alderdiko kidea: "Xabier Atristain gaur kalean egoteak erakusten du berriro ere estatu espainola ez dela zuzenbidezko estatu bat, ez dela benetazko demokrazia bat".

Euskal presoa libre utzi orduko erreakzioak berehala izan dira. EH Bilduk albiste "pozgarria" del esan du, baina gogorarazi du hainbat urtez Atristainek "jasandako kaltea". Sarek ere modu "positiboan" baloratu du presoa aske utzi izana, eta nabarmendu duenez "torturapean eta inkomunikazioan egindako autoinkulpazioak ezin dira inoiz zigor judizial baten oinarri izan".