Eusko Alderdi Jeltzaleak eman du Xabier Arzalluz Antiaren heriotzaren berri. 86 urterekin hil da.
Urte askoan EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidente izandakoa, Euskal Herriko historia hurbileko politikari esanguratsuenetako bat izan zen (Azkoitia, 1932 - Bilbo, 2019). Bere alderdiak Twitter bidez eman du heriotzaren berri:
Xabier Arzalluz zendu da. Pertsona, jeltzale eta abertzale aparta joan zaigu. Une latza eta gogorra bere senide, lagun eta alderdikide guztientzat. Goian Bego!
— EAJ-PNV (@eajpnv) 2019(e)ko otsailaren 28(a)
Familia karlista baten barruan sortua, Jesusen Konpainian sartu zen gaztetan, baina denbora gutxira kanporatu zuten. 1969an afiliatu zen alderdi jeltzalean eta klandestinitatean ekin zion karrera politikoari. Franco hil ostean, jadanik EAJn kargu garrantzitsuak zituen.
Trantsizioko urteetan izan ziren prozesu politiko eta negoziazioetan buru-belarri jardun zuen jeltzaleen lider gisa, Xibertan edo Gernikako Estatutuaren ingurukoan, besteak beste. Autonomiaren "gazta" lortu izanaz hala aitortu zion handik urte askora Sustrai Colinari ARGIAn: "Saguak deitu gabe hurbiltzen dira gazta-usainera. Horretan datza politikaren funtsa, gazta errekara bota gabe saguak uxatzean".
Lemoiz zentral nuklearraren alde ere egin zuen, ari dagokio “Lemoiz egiten ez badugu, azak jango ditugu” esaldia.
1977ko hauteskundeetan Espainiako Legebiltzarreko parlamentari eta senatari hautatu zuten eta 1979tik 1984ra bitartean EBBko presidente izan zen. EAJ barruko tira-birak zirela eta zatiketa gertatu zen garai horretan eta Eusko Alkartasuna sortu zuten Carlos Garaikoetxearen aldekoek. Bere itzala oso nabarmena izan zen Nafarroako sektorearekin izandako liskarretan.
1987an berriz izendatu zuten EBBko buru eta 90eko hamarkadan –Ajuria Eneako Itunaren urteak– ezker abertzalearekin sarritan konfrontatu zen.
2004an kargu organiko guztiak utzi eta EAJko militante "soil" izatera pasa zen, Josu Jon Imazek alderdiaren zuzendaritza bereganatu zuenean: "Ni ohituta nago Madrildik Xabier Arzalluzen aurka aritzera, eta azkenean ikusi dut nire alderditik ere zenbait jende nire aurka aritu dela. Zeintzuk? Traba egiten diedan batzuk", azaldu zuen 2004an kargutik kendu berritan Xabier Letona eta Pello Zubiria ARGIAko kazetariekin izandako elkarrizketan.
"Euskadi egunen batean independente izango da"
EAJko buruzagitzan egon zen denbora horretan, euskal eta espainiar politikako alderdi guztiekin egin izan zituen itunak, Jose María Aznarren PPtik hasi eta ezker abertzaleraino. Jeltzaleei egozten zaien "penduluaren" mugimendua –alde batetik printzipioak defenditu eta bestetik pragmatismoa praktikatzea– oso ondo haragiztatzen zuen Arzalluzek.
Bere diskurtso grinatsuaren ondorioz lagun eta etsai ugari egin zituen; ahoan bilorik gabe hitz egiten zuen iragarpenak egiteko unean: "Euskadi egunen batean independentea izango da, traba guztien gainetik, formula batez edo bestez, eta hori ez du geldiaraziko ez Alderdien Legeak ez beste ezerk", esan zion Mikel Asurmendiri 2009an LARRUN gehigarrian egindako mahai-inguruan.