argia.eus
INPRIMATU
Xabier Amurizak jaso du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria
  • "Bertsolaritza modernoaren erreferente argia da, berritu eta alor askotan aurrendaria izan da”, nabarmendu du epaimahaiak.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 17a

"Bertsolaritza izanik euskara eta euskal kulturaren identitatearen erakusle garrantzitsua, Amurizak ahozkotasunean egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzen laguntzea ez ezik, zabalkundean ere nabari eragin du", azpimarratu du Eusko Ikaskuntzak. "Haren lana Euskal Herri osoan zehar hedatu du, ahozko kulturaren aberastasuna bultzatuz. Gainera, hasieratik euskal kulturarekiko konpromiso sendoa azaldu du".

"Haatik, bertsolaritzatik harago, lan-ibilbidea emankorra izan du literatura eta musika alorretan, ugariak izanik berak sinatutako eleberriak, azterlanak, diskak eta grabaketak".

Eusko ikaskuntzaren hitzetan, bertsolaritzari eta euskal kulturari egindako bere ekarpena, oro har, "ikaragarria" da eta, egun, haren aztarna "oso modu agerian" nabaritzen da. "Bertsolaritzaren irakaskuntzan, errepentismoaren garapen-formetan, plazaratzeko era desberdinetan bere ekarpenak bertsolaritza modernoaren erreferentzia-gune ukaezin izatera eraman ez ezik, itu jakin bat ere ezarri du, askorentzako garai-aldaketa ekarriz. Bertsolaritzaren ikasketarako metodoetan egindako lanak, ordura arte berez bertsolari jaiotakoaren mitoa birrindu zuen, bertsoen tailer-eskolei ateak zabaltzeko bidea sustatuz".