Xabi Tximeno kalera! Denak kalera! lelopean Burgosko espetxera martxa egingo dute azaroaren 16an. Autobusa 8:00etan aterako da Amara Berriko Xanti jatetxearen aurretik, eta Burgosen Iruñeatik joan direnekin elkartuko dira. Antolatzaileek jakinarazi dute espetxean ekitaldi bat egingo dutela, eta eguerdian itzuliko direla, arratsaldean Donostian egingo duten pentsiodunen manifestaziora joan ahal izateko.
Martxan izena emateko bi aukera jarri dituzte antolatzaileek: alde batetik, mezu bat bidali daiteke ilunkikulturelkartea@gmail.com helbide elektronikora, eta, bestetik, Amara Berriko Ilunki elkartean jarri duten zerrendan izena eman daiteke.
Xabi Tximeno Inza 1995. urtetik dago preso. Frantzian atxilotu zuten, eta han hainbat urte preso egon zen. Atxilotu zutenetik, espetxe ugaritatik pasa da preso donostiarra, besteak beste, Baiona, Fleury, Fresnes, Uzerche, Limoges, Soto, Navalcarnero, Valdemoro, Picassent, Villena, Zaballa, Langraitz eta Burgos. Martxaren bultzatzaileek salatu dutenez, Frantzian beteriko zigorra kontabilizatu izan baliote, 2016tik kalean egongo litzateke.