argia.eus
INPRIMATU
Xabi Lasa: “CAN Fundazioak ez digu pasatzen guk ez-ofizialki dugun informazioa”
  • Nafarroako Legebiltzarreko ikerketa batzordean informazioa eskuratzeko diren arazoen berri ematen du Xabier Lasak. Ez da baikor eta hurrengo legealdian batzordea berriz abian jarri beharraz mintzo da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko otsailaren 21a
"Osasunarena bezala, badago Los Arcos-eko zirkuituari emandako mailegua, baina ez zaigu informazio hori pasatzen". (Arg.: Aralar.eus).

Berriozarko alkatea izateaz gain, Aralar-NaBaiko parlamentaria da Lasa eta Nafarroako Kutxaren (CAN) desagerpena ikertzen ari den batzordeko kide. PSNk UPNko Sergio Sayasi bere botoa eman ez balio, Lasa zatekeen batzordeko lehendakari. Lau bilera egin ditu batzordeak eta astelehenean, 12,30etan, bosgarrena egingo du. Orain arte batzordeari ukatutako informazioa bidali zaion ala ez ikusiko da, besteak beste.

Eskatutako materialaren %15 besterik ez dela iritsi salatu duzue EH Bildutik. Zeinek ez du materiala bidaltzen?

Hainbat erakundek. CAN Fundazioak ez du material asko bidali, Administrazio Kontseiluko bileren aktak adibidez. La Caixak ere ez. Azken hauek argudiatzen dute legeak ez dituela behartzen hainbat informazio ematera, datu pribatuak direla, informazio asko eskatzen dela eta denbora behar dela biltzeko… Auzitegi Nazionalak dio informazio asko irekita diren auzietakoa dela eta eman ezinak direla…

FROBek (Banku Berregituraketa Odenaturako Funtsa) ez du gehiena bidali eta CECAk (Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioa) oso gutxi. Nafarroako Gobernuak bai bidali du eskatutakoaren zati handi bat, adibidez [Lorenzo] Riezuren txostena.

Egon daiteke deliturik eskatutakoa ez bidaltzeagatik?

Ez dakit zehatz-mehatz legeak zer dioen, baina printzipioz behartuta daude laguntza ematera. Haiek beste lege batzuk argudiatzen dituzte ez emateko, adibidez datuen babeserako legea. Gauza bitxiak ere gertatu dira: 2009a baino lehenagoko informazioa eskatu diogu CAN Fundazioari eta hauek diote hori La Caixari pasatu zitzaiola, baina La Caixak dio ezetz, ez duela halakorik. Lekukoa bata besteari pasatzen ari dira.

Zer egin dezake Legebiltzarrak materiala emateko?

Berriz eskatu, baina ez gehiago, bestela arazoak luze joko luke eta ez dugu denborarik.

EH Bilduk jakinarazi du 2009an osasunari 50 milioiko mailegua eman ziola CANek. Klubak azaldu gabe zuen? Zer dago txarrik horretan?

Eskatutako informazioaren artean badira guk beste bide batzuetatik ezagutu ditugunak, ez bide ofizialetatik. Horietan artean da Osasunak jasotako mailegu hau. Guk bide ofizialetik jakin nahi dugu ea egia den mailegua izan zen ala ez. Baina Osasunarena bezala, badago Los Arcos-eko zirkuituari emandako mailegua eta beste asko ere bai, baina ez zaigu eskatutako informazio hori pasatzen. Zer erran nahi du horrek? Hori da guk salatu duguna.

Hilabete baino gutxiago geratzen zaio batzordeari. Badirudi oraingo legealdian gaitza izango dela ondorio argirik ateratzea.

Bai, badirudi oso zaila izango dela behar bezalako ikerketa egitea, baina behintzat argi geratuko da hemen badagoela zer sakondu. Airean geldituko da Nafarroako gizartean dagoen galdera hori: nola gertatu da Nafarroako Kutxaren desagerpena? Nafarroako gizarteak badu hori jakiteko eskubidea eta legealdi honetan ez badago argitzeko denborarik, guk konpromisoa hartzen dugu hurrengo legealdia hasi bezain laster batzordea berriz martxan jartzeko.

Aipatu duzu hainbat alderdi elkarlanean ari direla batzordeak bere ikerketa egin ez dezan. PSNri buruz ere ari zara?

PSNk ez du ukatu guk eskatutako informazio eskaerarik eta UPNk dio berak eskatu eta jaso ez duena ez duela berriz eskatuko. Baina sumatzen dugu badagoela adostasun bat informazioa garaiz eta ongi ez emateko, bestela gertatzen ari dena ulergaitza da. Ezin daiteke ulertu nola PSNk eman diezaiokeen batzordearen lehendakaritza batzorderik nahi ez duen alderdi bati [UPN], edo beste hainbat bozketetan UPNrekin dituen adostasunak.