VICKY CRISTINA BARCELONA
Zabaltegi
Fitxa teknikoa. Zuzendaria: Woody Allen. Aktoreak: Scarlett Johansson, Rebecca Hall, Javier Bardem, Penélope Cruz. AEB-Espainia. 96 min.
“Hori mania dena klasifikatzeko! Ez naiz ez gauza hau ez hura, ni naiz eta kito”, dio Cristinak (Scarlett Johansson) filmeko une batean. Berdin gertatzen da Woody Allenekin: zaila da klasifikatzen, bera da eta kito. Zinemaldian ikusmira gehientsuen piztu duen pelikula honek (zinema-aretoa bete-betea zegoen prentsarako emanaldian) New Yorkeko zuzendariaren labela du, nabarmen, eta bere jarraitzaileek gustura hartuko dute lan berria.
Azken finean, batzuek psikiatrari edo psikologoari kontatzen dizkiote euren kezkak, beste hainbatek apaizarengana jotzen du eta Woody Allenek zuzenean filmetan isurtzen ditu bere barne arazo, eztabaida eta zalantzak. Vicky Cristina Barcelonan ere, bere ohiko obsesioak errepikatzen dira: maitasunaren inguruko gogoetak; pasioaren eta buruaren arteko borroka. Vickyk (Rebecca Hall) eta Cristinak Bartzelonara bidaiatuko dute AEBetatik, eta oso opor bereziak igaroko dituzte, biak konkistatu nahi dituen pintore espainola (Javier Bardem) ezagutu ostean. Pintorearen emazte ohiak (Penélope Cruz) are gehiago nahastuko ditu gauzak.
Istorioa ongi eraikia dago eta ironia puntua denbora guztian mantentzen da. Javier Agirresarobe arduratu da argazkiaz, soinu-banda atsegina da (gitarra espainola da nagusi, eta Bartzelonari buruzko abesti bitxi eta xelebrea) eta aktoreen lana gustatu egin zaigu (Penélope Cruz bereziki dibertigarri dago, papera primeran doakio eta). Pena, zinema-areto komertzial ia denetan ezingo dela bertsio orijinala ikusi eta beraz ez dela ingelesaren eta espainolaren arteko joko barregarria ondo islatuko.