argia.eus
INPRIMATU
Woody Allenen filma pagatzeko 60.000 euro jarriko ditu Donostiako Udalak
  • Donostiako Udalak ordainduko ditu Woody Allenen filma grabatzeko erabili ziren Miramar Jauregiko eta Kursaaleko alokairuak. 60.000 euro bideratuko ditu horretarako asteartean jakin denez.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko irailaren 04a
Eneko Goia Donostiako alkatea, Woody Allen zine zuzendaria eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia uztaileko argazki batean.

Uztailean Udaleko iturriek ulertarazi zuten Woody Allen AEBetako zuzendariak Donostian errodatu behar zuen filmean emango zuten laguntza bakarra udal-baimenak ematea izango zela, eszenak grabatu ahal izateko gainontzeko gestioetan erraztasunak emateaz gain. Astearte honetan jakin denez, ordea, Udalaren laguntza ekonomikoa ere izango du pelikulak: 60.000 euro onartu ditu Eneko Goia buru duen erakundeak, filmak erabilitako instalazioen alokairuak ordaintzeko.

Miramar Jauregia eta Kursaal eraikina erabili zituen Allenek grabazioan, biak ere jabetza publikokoak. Lehenbizikoa erabiltzeagatik 48.753 euro ordaindu beharko zituen filmaren ekoizlea den Mediapro talde espainiarrak, baina Udalak bere gain hartu du; Kursaal jauregiaren kasuan, alokairuaren kostua 4.194 eurokoa da eta hori ere donostiarrek ordaindutako zergei esker finantzatuko da. Gainera, Donostiako hondartzak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak ere Udalak ordainduko dizkio Allenen pelikulari.

Noticias de Gipuzkoa egunkariaren arabera, filmak hiriarentzat izango duen publizitate-inpaktua azpimarratu du Tokiko Gobernu Batzordeak laguntza horiek onartzeko erabili duen argudioen artean.

Elkarrekin Podemosek erabakia kritikatu du eta informazio gehiago bilduko duela iragarri du, Udaleko beste sailetan errodajeak eragin dituen gastuak zehazte aldera. Gainera, Donostiako Turismo bulegoak Allenen ekipoak ostatu hartu duen lekuetan prezio bereziak izan ote dituen ere jakin nahi du koalizioak.