argia.eus
INPRIMATU
Wikipediako edukien kalitatean aurrera goaz
Sustatu 2020ko ekainaren 11

Artikulu kopuruan nabarmentzen da, baina neurgailu hori ez da bakarra: "funtsezko artikuluen kalitatea" neurtzen duen tresna bat dago, adibidez, eta azken hilabeteetan 2 postu egin du gora euskarak hor, 40. kokatuz kalitatearen araberako wikipedien sailkapenean. Hobekuntza honetan, eragin nabarmena izan du Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean planteatu den erronka eta elkarlan ekinen batek.

Kalitatearen alor horretan, artikuluen luzera, erreferentzia dokumentatuak, elkar-loturak eta beste zenbait indize hartzen dira kontuan. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) bere buruari ezarritako helburuetako bat hor aurrera egitea, eta kasu honetan Huhezi fakultatearen kolaborazioa izan dute.

EWKEren beste helburu bat, Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmenetan bereziki aipatua, Hezkuntzarako bereziki inportanteak diren 2.000 artikuluen zerrendan edukiak osatzea eta hobetzea da.

2018an, duela bi urte pasa, programa honekin hasi zirenetik, 2.000 artikulu horien edukia bikoiztu baino gehiago egin da (%127), eta artikuluen %60k 5.000 byte baino gehiago pisatzen dute.

Grafikoan, ezkerretik eskuinera, ikusten da zenbat artikulu zeuden une jakin batean 2018an, eta zenbat dauden orain. Marra urdin berrienak behera joan dira luzera laburreko estatistiketetan, eta gora nabarmen artikulu luzeetan.

Bi mila artikuluen zerrendan 136 baino ez dira falta sortzeko. Hemen dago zerrenda, eta gorriz ikusten dituzunak falta direnak dira, horiekin ekin dezakezu. Bereziki osatu daiteje lana literaturaren eremuan, non liburu erreseinak dira falta diren zenbait, eta ez dira hain artikulu zailak pixkat osatzeko.

Kalitatearen bi mugarri hauek (Hezkuntzako bi milak / Wikipedia guztietako funtsezkoak) erkatu ditu wikilari batek, eta 278 artikuluko sorta bat sortu zaio, bi zerrendetan dauden artikuluekin. Ordenatuta daude txikienetik handienera, norbaitek nahi badu horietan lan egiteko. Horietan lan eginez gero, aurtengo edizio lehiaketan parte hartzen duzu.